Joana Mendiburu Garaiar, Oiartzungo alkate berria

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Abian da 2023-2027 legegintzaldia. 12:00etan egin dute zinegotzi eta alkatearen kargu-hartze ekitaldia, herritarrez lepo zegoen udal areto nagusian.

Joana Mendiburu Garaiar (EH Bildu) da Oiartzungo alkate berria. Hautagaitza aurkeztu duen bakarra izan da, EAJko zerrendaburu izan zen Janire Mitxelenak ez baitu bere burua aurkeztu. 13 aldeko botoekin izendatu dute alkate Mendibru (EAJko zinegotziak abstenitu egin dira). Txalo artean hartu du kargua. Bigarren emakumezko alkatea izango da. Jexux Leonet alkate ohiaren eskutik jaso du aginte-makila.

Inoiz izandako ordezkaritzarik handiena izango du EH Bilduk udalbatza berrian. Maiatzeko udal hauteskundeetan 3.303 boto eskuratu zituen alderdiak, bozen %67. 13 zinegotzi izango ditu, aurreko agintaldian baino bat gehiago. EAJk galdu du ordezkari hori; 1.063 boto lortuta, 4 zinegotzi izango ditu datozen lau urteetan.

Elkarlanean aritzeko deia

Eskerrak emateko izan dira Mendibururen bere lehen hitzak. Eskerrak EH Bilduri botoa eman dioten herritarrei, alkate izendatu dutenei eta zinegotzi guztiei, haien “konpromisoagatik”. “Ohore handiz” hartu du orain arte “alkate aurrerakoi” izandako guztien lekukoa. “Gaurdaino kalean bezala”, udalean ere politika sozial, feminista eta euskaltzaleak gauzatuko dituztela hitz eman du, beren printzipio eta baloreei leial.

Herritarrekin batera lanean jarraitzeko nahia azaldu du alkate berriak. “Guztiona dena defendatuko duten udal politikak bultzatuko ditugu, komunitatea indartuko dutenak. Eta horrek eskatzen du herritarren eta udalaren artean elkarlan sendoan jardun behar dugula”. Herritarrekin lan egiteko nahia eta oposizioarekin adostasunetara heltzeko borondatea nabarmendu ditu, “herriaren alde eta herritarren eskubideen alde politika eraldatzaileak eta parekideak” gauzatzeko.

Aurreko taldeari agurra

2019-2023 legegintzaldian zinegotzi izan direnentzat esker hitzak izan ditu Mendiburuk. Haien lekukoa hartu eta orain arte egindako bidean aurrera egiten jarraituko dutela hitz eman du.

Eskerrak emateko izan dira Jexux Leonetek alkate bezala egin dituen azken hitzak ere. “Ohore bat izan da niretzat eta nire taldekideentzat hainbeste maite dugun herriko ordezkariak izatea. Plazer bat izan da herritarrekin hainbeste proiektu eta egitasmo partekatzea. Eskerrik asko korporazio guztiari egin dugun elkarlanagatik eta mila esker bereziki gobernu taldeari, zuen babesa eta konplizitateagatik”.  “Oso pozik” utzi du kargua Leonetek, “lorpen asko” izan dituztelako eta orain datorren taldeak “lan bikaina” egingo duelako. Zorterik onena opatu die eta bere babes osoa izango dutela esan du.