Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí
El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus
Landetxen jaio zen Xabier Lete Bergaretxe 1944. urtean, kultur areto berria egin den tokian. Eraikin berria eta plazako itxuraldaketa bukatuta, omenaldia egin nahi izan dio Oiartzungo Udalak herriko idazle, poeta eta kantari estimatuari.
Sortzaileak euskal kulturan utzitako aztarna herrian bertan ere beti presente izateko Eneko Salaberriak egindako ‘Lete’ eskultura jarri dute idazlea jaio zen etxearen ondoan, kultur aretoko sarrera nagusiaren alboan. Obrara gerturatu ahala, idazlearen silueta atzemango du bisitariak. Lau xaflaz osaturiko irudia da, perspektiba jolaserako bide ematen du. Artistak Xabier Leteren obraren geruzak nabarmendu ditu. Behatzen duena, Xabier Leteren irudia ikusteaz gain, ohartuko da poetaren hitzek bera ere zeharkatzen dutela. Leteren jaiotetxetik metro gutxira, txoko berria du bere memoriak.
Atzo inauguratu zuten eskultura Joana Mendiburu alkateak, Iosune Cousillas kultura zinegotzi ohiak, Eneko Salaberria egileak eta Arantxa Letek, Xabier Leteren arrebak. Poetak Oiartzungo historian izan duen garrantzia aitortu eta euskal kulturari egindako ekarpena eskertu nahi izan du Udalak. Eskultura jartzeaz gain, udazkenean idazlea omentzeko ekitaldia egingo dute. Izan dadila Leteren obra Landetxen sortuko diren proiektu berrian inspirazio iturri!
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika