Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí
El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus
Ekainaren 28an ere LGTBIQ+ pertsonen eskubideen alde lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi dugu Oiartzungo udalean ordezkaritza dugun bi alderdi politikoek.
Aniztasuna da jendarte justu eta bidezko baten funtsezko zutabea. Oiartzun inklusiboa eta errespetuan oinarritutako herria egiten ari gara, pertsona guztiak askatasunean bizi daitezen, beren sexu-orientazioa edo genero-identitatea edozein izanda ere.
Honetarako, antolatzea eta lan egitea ezinbestekoa dugu. Eta gu, ekainaren 28 honetan, lortu duguna harro defendatuko dugula esatera gatoz. Gure kasuan, instituzioetatik politika publiko integral eta sendoak, perspektiba feministan oinarritutako zerbitzuak, babes kolektiborako eta autodefentsarako mekanismoak ezartzeko bideak… eraikitzeko konpromisoan berresten gara. Aldi berean, LGTBIQ+ mugimenduaren eta instituzioen arteko zubi eta elkarlanean sendotzeko, erabaki konpartituetarako bideak ezartzeko lan egingo dugu. Lege gehiago, baliabide gehiago, espazio gehiago.
Horregatik Oiartzungo udalean LGTBIQ+ mugimenduaren eta instituzioaren arteko elkarlana sustatzeko eta bertatik, herriko dinamika ezartzeko konpromisoa hartzen dugu. Erronka konpartitua da aurrean duguna, eta bakoitzari dagokion arduratik eta espaziotik, LGTBIQ+ politikak eraikitzeko ezinbestekoa iruditzen zaigu elkarlanerako guneak sortzea.
Honetaz gain, gure herrian LGTBIQ+ mugimenduak izandako papera eta historia aitortzeko lan egingo dugu, haiengatik baikaude egun gauden tokian.
Era berean, argi adierazi nahi dugu ez dugula lortutako bidean atzerapausorik onartuko. Guk jarrera politiko argia dugu. Egiteko asko geratzen dela argi izanda ere, lortutako apurra ezabatzera etorri nahi duten indar ultrakontserbadore eta politika atzerakoien aurrean askatasunaren aldeko horma bat eraikitzeko konpromisoa da gurea.
Amaitzeko, dei egiten dugu ekainaren 28aren bueltan antolatu diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeko, eta zoriondu nahi ditugu LGTBIQ+ pertsonen bizitzak egunerokotasunean bizigarriak izateko, lan eta borrokatzen ari diren kide eta kolektibo, harrotzeko moduko mugimendua osatzen dutelako.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika