Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí
El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus
Beloaga gaztelua berreskuratzeko proiektua gauzatu dute Oiartzungo Udalak eta Beloaga Bizirik elkarteak, Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean.
Arkaleko harkaitzetan eraiki zuten Erdi Aroko gaztelua. Garai hartatik Gipuzkoan kontserbatzen direnen artean garrantzitsuenetakoa da. Oiartzungo bailara bostehun bat urtez babestu zuen Beloagak. Bertako hormak Euskal Herriko historiaren lekuko izan dira. Hainbat gertakari bizitu ditu; 1200. urteko Nafarroako konkista, karlisten garaia eta 36ko gerra, besteak beste. 2016. urtean Kultur-ondasun izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak.
Gure herriko ondare historiko hau berreskuratu eta jende gehiago bertara iristeko lanean ibili dira Udala, Beloaga Bizirik eta Aranzadi azken urte hauetan.
Sasi artean ezkutuan zegoen gure historiako pasartea
2010ean hasi zen Beloaga Bizirik gotorlekuaren aztarnak eta memoria historikoa berreskuratzen. Garai hartan sasi eta ote artean ezkutatuak zeuden gaztelu izandakoaren arrastoak. Bertan gaztelurik egon zenik ez zen antzematen. Auzolanean ingurua garbitzeari ekin zioten eta orduan hasi ziren pixkanaka gure historiako altxor hau berreskuratzen.
2015ean hitzarmena sinatu zuten Oiartzungo Udalak, Beloaga Bizirik taldeak eta Aranzadik berreraikitzeko proiektua martxan jartzeko. Hiru fasetan egin dute. Lehenengoan dorre nagusiaren hormak konpondu zituzten. Bigarrenean arma plazako paretak. Bukatu berri duten azken fasean gaztelura joateko irisgarritasuna hobetu dute.
Ezagutzea eta bisitatzea erraztu
Egitura nagusia berreraikita, herritarrak eta bisitariak bertara joan eta gotorlekuaren historia ezagutzera emateko lanak egin dituzte. Nor garen ulertzeko ezinbestekoa baita nor izan ginen, nondik gatozen eta zer gertatu zen ezagutzea.
Gaztelura iristeko bidearen irisgarritasuna hobetu eta segurtasun neurriak jarri dituzte. Dorre nagusira igotzeko eskailerak egin dituzte eta plataforma bat ezarri dute bertan. Hobekuntza hauek ez dute inpakturik izan hormetan. Esku-hartzea egiterakoan bereziki zaindu dituzte erabilitako materialak, inguruan ahalik eta eragin txikiena izateko. 132.500 €-ko aurrekontua izan du hirugarren fase honek.
Panel informatiboak jarri dituzte bertan pasatakoa kontatzeko. Inguruko txoko garrantzitsuak ere markatuta daude karteletan: mairubaratzak, Andrearriagako hilarria, Arkaleko Behatokia, Langile Batailoien barrakoiak… Naturaz eta inguruko paisaiaz gozatu eta iraganera bueltatzeko aukera paregabea dugu Beloagan.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika