Badatoz Xanistebanak

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Bi aste besterik ez dira gelditzen herria jai-giroz betetzeko. Abuztuaren 2tik 6ra alaitasuna nagusituko da herrian eta guztion gozamenerako osatu duten egitaraua aurkeztu dute herriko eragileek eta Oiartzungo Udalak (ikusi egitarau osoa hemen). Datorren astean banatuko dute herriko etxe guztietan.

Aurten ere hamarnaka dira egun hauek posible egiteko lanean dabiltzan eragile, elkarte eta norbanakoak. Guztiei eskerrak eman dizkie Joana Mendiburu alkateak. “Zorionak egindako lanagatik eta izandako inplikazioagatik. Hilabeteetan zehar luzatu diren bilerak, proposamenak, aurrekontu-eskaerak… jende askoren isileko lanaren emaitza da Xanistebanetako egitarau aberatsa eta osatua. Eskerrik asko jai herrikoi paregabe hauek antolatzeko egindako lanagatik”.

Jaietako hitzorduetan parte hartzera gonbidatu ditu Mendiburuk herritarrak. “Urtean zehar dugun lan-erritmoa, kezkak eta estresa posible duzuen neurrian alde batera utzi eta jaiez ahal duzuen bezainbeste gozatzea opa dizuet”.

Jai-eremua genero eta adin guztietako pertsonentzat gune segurua izan dadila aldarrikatu du alkateak eta segurtasun eremu horiek bermatzea eta zaintzea “guztion ardura” dela gogorarazi du. “Guztiok dugu jaiez gozatzeko eskubidea. Hortaz, jarrera desegokiren bat ikusten baduzu ez ezazu beste aldera begiratu. Jazarria den pertsona lagundu eta babesa eskaini behar diogu. Jai giroan ibiliko gara denak bai, baina jai giro arduratsuan, betiere ingurukoak errespetatuz”.

Uztailaren 31n hasiko dira kirol eta kultur ekitaldiak

Abuztuaren 2an botako du Hilario Arbelaitzek festei hasiera emateko txupina baina aurreko egunetan ere egongo da zer egina herrian.

Uztailaren 31n Xanistebanetako haurren esku-pilota txapelketa herrikoiaren finalak antolatu ditu Oiarpek 10:30ean Kontzejupean. 19:30ean, Harri Beltzak antolatuta, Alaia Belaunzaranen harpa-kontzertua izango da Done Eztebe elizan.

Abuztuaren 1ean kultur ekitaldia egingo dute 18:00etan Oiartzun 2023 urtekaria aurkeztu eta Xanistebanetako kartel lehiaketako sariak banatzeko. Oiartzunen nabarmendu diren herritarrei omenaldia ere egingo die Udalak. Arizmendieneko lorategian izango da ekitaldia (eguraldi txarra bada Landetxe Kultur Aretoan). 19:00etan eskuzko pasaka txapelketa herrikoiaren eta Gipuzkoako eskuzko pasaka txapelketaren finalak antolatu ditu Txostek Kontzejupean. Ordu berean Aitor Txiki XIV. Areto futboleko txapelketaren finalerdiak egingo dituzte Haurtzaro Ikastolan.

Gainera, bi erakusketa ere egongo dira Xanistebanetako egunen bueltan: abuztuaren 1, 2 eta 4an  Xanistebanak 2023 Kartel Lehiaketan parte hartu duten lanen erakusketa Manuel Lekuona bibliotekan (9:00etatik 14:00etara) eta Xanistebanetan hasi eta abuztuaren 10a arte Helduen Tailerreko margolanekin erakusketa Begoña Mendigutxiaren omenez (Arizmendienean, 9:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara).

Egitaraua, egunez egun

ABUZTUAK 2, asteazkena:

  • Egunean zehar: Auzoz auzoko 42. ibilaldia: OIARTZUNGO MUSIKARIZ osatutako taldea ibiliko da auzoz auzo, Xanistebanak hastera doazela iragarriz.  Antolatzaileak: Ibargain Musika Eskola eta Oidultz Dultzaina Taldea.
  • Arratsaldeko 18:30ean: AGERRALDI FEMINISTA, herriko plazan. Antolatzailea: Oiartzungo Feministen Asanblada
  • Ondoren: GOXO TXARANGAK Done Eztebe Plaza eta inguruko bazterrak animatuko ditu.
  • Arratsaldeko 19:30ean: Udalbatzako kideek SOKADANTZA dantzatuko dute, Herriko Plazan, Haurtzaro Dantza Taldearen eta Lartaun Txistulari Taldearen laguntzaz.
  • Ondoren: Jai Batzordeak proposatuta, bizitza osoko lanagatik eta Oiartzun sukaldaritzako erreferente bihurtzeagatik, HILARIO ARBELAITZek, herriko alkateak eta udalbatzako kideek  SUZIRIA botako dute. Kanpai-soinu alaitsuekin batera, jaiak hasiko dira.
  • Jarraian: OIARTZUNGO ERRALDOIEN ETA BURUHANDIEN kalejira, herrian zehar, dultzaineroen eta Lartaun Txistulari Taldearen laguntzaz.
  • Ondoren: ZIMITIYOKO TXOSNAren irekiera. Antolatzailea: Zimitiyoko txosna.
  • Gaueko 23:00etan: Musika Jaialdia, Done Eztebe plazan: TRIKIDANTZ
  • Gaueko 24:00etan: Musika Jaialdia, Txosnagunean (Antolatzaileak: Musika Batzordea).
    • KULUXKAKLAN
    • DUPLA

ABUZTUAK 3, osteguna, XANISTEBAN EGUNA:  

  • Goizeko 07:00etan: SOKAMUTURRA, Beheko Plazan. Antolatzailea: Auzokalte Elkartea.
  • Goizeko 07:00etan: GOSARI TXOW, Done Eztebe plazan. Antolatzailea: AIA.
  • Goizeko 09:00etan: GOIZ ERESIA. Antolatzailea: Lartaun Txistulari Taldea.
  • Goizeko 10:30ean: Festetako EZKILA JOALDIAK. Antolatzailea: Oiartzungo ezkila-jotzaile taldea.
  • Goizeko 11:00etan: HERRI MEZA NAGUSIA, Done Eztebe Parrokian. Lartaun Abesbatza kantuan, Begoña Bergaretxe harmoniumean.
  • Ondoren: 46. KONTZERTU HERRIKOIA, Kontzejupean, Euskal doinu, kanta eta dantzetan oinarritutako emanaldia. Antolatzailea: Lartaun Txistulari Taldea.
  • Goizeko 11:30ean: UR PUZGARRIAK,  Haurtzaro Ikastolan. Antolatzailea: AIA.
  • Arratsaldeko 16:00etan: Madalensoro pilotalekuan, Oiartzungo Auzoen Arteko 35. SOKATIRA TXAPELKETA. Antolatzailea: Artaso Elkartea.
  • Arratsaldeko 16:30ean: Ipuin kontaketa 2-6 urte bitarteko haurrentzat, Arizmendienean. Ondoren, merienda osasungarria. Antolatzailea: Elizaldeko Guraso Elkartea.
  • Arratsaldeko 19:30ean: DANTZA BILERA txistulariekin, Kastroko iturrian. Antolatzailea: Lartaun Txistulari Taldea.
  • Gaueko 23:00etan: Dantzaldia JANUS LESTER taldearekin, Done Eztebe plazan.
  • Ondoren: MIKELTXI DJa, Done Eztebe plazan.
  • Gaueko 23:30ean: Musika Jaialdia, Txosnagunean (antolatzaileak: Musika Batzordea).
    • MUGAN
    • ZULO

ABUZTUAK 4, ostirala, BASERRITAR EGUNA:

  • Goizeko 09:00etan: GOIZ ERESIA. Antolatzailea: Lartaun Txistulari Taldea.
  • Goizeko 10:00etan: HemenGuk, Oiartzungo PRODUKTUEN AZOKA, Done Eztebe Plazan. Arraztalo Elkartearen produktu ekologikoak eta HemenGuk herriko ekoizleenak. Antolatzailea: Arraztalo Elkartea.
  • Goizeko 10:30ean: Oiartzungo Herri Musika Eskolakoen kale-bueltak Done Eztebe plazatik abiatuta. Antolatzailea: Soinuenea Fundazioa.
  • Goizeko 10:30ean: IDI DEMAren lehenengo txanda, hilerriaren goiko aldeko plazan. Oiartzungo harria erabiliko da (1.800 kg-koa). 1.100 kg-tik gorako pisua duen idi pare bakoitzak 1,5 kg-ko gain-zama hartu beharko du gainditzen duen kilo bakoitzeko. Federatuak izango dira. Antolatzailea: Oiartzungo Idiyazaleak Elkartea.
  • Goizeko 11:00etan: ZAHARREN EGOITZARAKO BISITALDIA, Haurtzaro Ikastolako Dantza Taldearekin, Lartaun Txistulari Taldearekin eta trikitilariekin. Antolatzailea: Haurtzaro Ikastola.
  • Eguerdiko 11:50ean: Inaxio Uharte 22. SAGARDO LEHIAKETAren hasiera, Done Eztebe plazan. Herriko sagardoa dasta eta balora ezazu edalontzia erosiz! Antolatzailea: Ibargain Elkartea.
  • Eguerdiko 12:00etan: Oiartzungo PINTXO-LEHIAKETA, Done Eztebe plazan. Herriko elkarte eta tabernek egindakoen artean, pintxo onena nork egin duen jakingo dugu. Antolatzailea: Ibargain Elkartea.
  • Eguerdiko 12:00etan: Oidultz DULTZAINA TALDEAren kale-bueltak Done Eztebe plazatik abiatuta. Antolatzailea: Oidultz Dultzaina Taldea.
  • Eguerdiko 12:30ean: BERTSOLARIAK, Done Eztebe Plazan. Julio Soto Ezkurdia eta Miren Amuriza Plaza gai librean. Antolatzailea: Martzelina Bertsozale Elkartea.
  • Eguerdiko 13:15ean: Oiartzungo PINTXO LEHIAKETA; sarien banaketa, Done Eztebe plazan.
  • Eguerdiko 13:30ean: Inaxio Uharte 22. SAGARDO LEHIAKETAren sari banaketa, Done Eztebe plazan.
  • Eguerdiko 14:00etan:    Oiartzungo Udalak BAZKARI GOXO BAT ESKAINIKO DIE HERRIKO ERRETIRATUEI, Gazte Izanak elkartearen laguntzarekin. Ondoren, musika izango da, nahi duenak dantza egin dezan.
  • Eguerdiko 14:30ean: BAZKARI FEMINISTA, Eliza ondoan. Antolatzailea: Oiartzungo Feministen Asanblada.
  • Arratsaldeko 16:00etan: HELDUEN TAILERREN 24. ERAKUSKETA (margoak, bolilloak, eskulanak, taila, joste-lanak, pachwork, altzari-berritzea, eta abar), Done Eztebe Plazan. Antolatzailea: HELTA Helduen Tailerrak.
  • Arratsaldeko 17:00etan: IDI DEMAren bigarren txanda, hilerriaren goiko aldeko plazan.
  • Arratsaldeko 17:00etan: Herriko ERRALDOIEN eta BURUHANDIEN kale-bueltak, Beheko Plazan barrena, Tolarietan hasita. Antolatzailea: Oiartzungo Erraldoien Konpartsa.
  • Arratsaldeko 17:00etan: Oiartzungo HAURREN JOKO GARBI eta PALA TXAPELKETA HERRIKOIAren finalak, Kontzejupean. Antolatzailea: Oiartzungo Eskola Kirola.
  • Ondoren: Binakako PALA TXAPELKETAren finalak, Kontzejupean. 18:00etan mutilak; 18:45ean neskak.               Antolatzailea: Girizia Pilota Saila eta Txost.
  • Arratsaldeko 17:30ean: MAGMA MIA bakarrizketa BEATRIZ EGIAZABALen eskutik, Eliza ondoan. Antolatzailea: Oiartzungo Feministen Asanblada.
  • Arratsaldeko 17:45ean: Elizaldeko Dantza Taldearen emanaldia, Elizaldeko kaleetan Doneztebe Plazan, Madalensoron, Euskal Herria Plazan… Antolatzailea: Elizaldeko Guraso Elkartea.
  • Arratsaldeko 18:30ean: ZIRKOZAURRE ikuskizuna familientzat, Elizalde Eskolako frontoian. Antolatzailea: Elizaldeko Guraso Elkartea
  • Arratsaldeko 18:45ean: OLARRI Oiartzungo Dantza Taldearen saiotxoa, Kastro iturri ondoan.  Antolatzailea: Olarri Dantza Taldea
  • Arratsaldeko 19:00etan: DANTZA-BILERA familian, Kastroko iturri inguruan: DOINARIN TALDEA. Antolatzailea:                Soinuenea Fundazioa.
  • Arratsaldeko 19:00etan: HERRI KIROLEN JAIALDIA, Haurtzaro Ikastolako plazan. Aizkolariak eta Harri-jasotzaileak. Antolatzailea: Iturri-Berri Elkartea
  • Gaueko 22:00etan: Musika Jaialdia, Done Eztebe Plazan. OLAIA INZIARTE. Antolatzaileak: Musika Batzordea.
  • Gaueko 22:00etan: OINKARI DANTZA TALDEAren ERROTAN emanaldia, Elorsoro kiroldegian. Antolatzailea: Haurtzaro Dantza Taldea.
  • Gaueko 23:00etan: DJ BULL, Zimitiyoko txosnan, euskal musikaz girotua. Antolatzailea: Zimitiyoko txosna.
  • Gaueko 23:00etan: HELDUEN DANBORRADA, Oiartzungo kaleetan zehar. Antolatzaileak: Auzokalte Elkartea eta Haurtzaro Ikastola.
  • Gaueko 23:30ean: Musika Jaialdia, Txosnagunean (antolatzaileak: Musika Batzordea).
    • ZURROUNK
    • ALARMA MOREA
  • Gaueko 24:00etan: Dantzaldia, Done Eztebe Plazan. PATXI PEREZ. Antolatzaileak: Musika Batzordea.

ABUZTUAK 5, larunbata, GAZTEEN EGUNA

  • Goizeko 08:00etan: 41. EHIZA ZAKUR LEHIAKETA, Irastortza baserriko zelaietan. Antolatzailea: Bizardia Ehiza Taldea.
  • Goizeko 09:00etan: GOIZ ERESIA. Antolatzailea: Lartaun Txistulari Taldea.
  • Goizeko 09:30ean: Zabor bilketa herrian zehar, gaztetxoei eta familiei irekia.
  • Goizeko 10:30ean: Zaborra bildu ondoren, hamaiketako txikia Kaskazuri Plazan. Antolatzaileak: Abaraxka, Bazterrak Txukuntzen eta Elizalde Guraso Elkartea.
  • Goizeko 11:00etan: Jasotako hondakinekin, sormen tailerra: zabor erraldoi txikia Kaskazuri Plazan.
  • Eguerdiko 12:00etan: Oiartzungo Herri Musika Eskolakoen eta Erraldoi Txikien kale-bueltak. Antolatzaileak: Soinuenea Fundazioa, Abaraxka, Bazterrak Txukuntzen eta Elizalde Guraso Elkartea.
  • Eguerdiko 12:00etan: BERTSO JAIALDIA, txosnagunean. Jone Uria Albizuri, Jon Maia Soria, Onintza Enbeita eta Igor Elortza Aranoa. Gai-jartzaile: Ander Lizarralde. Antolatzailea: Martzelina Bertsozale Elkartea.
  • Eguerdiko 12:30ean: KANTU KANTARI. Kantuzale den orok herri-kantuen sorta ederra abesteko aukera izango du herriko kaleetan barrena. Denak gonbidatuta!   Antolatzailea: Lartaun Abesbatza.
  • Eguerdiko 13:30ean: TRIKIPOTEOA, plazatik abiatuta. Antolatzaileak: Biyurrienea.
  • Eguerdiko 14:00etan: GAZTE TXUPINAZOA, plazan. Antolatzaileak: Biyurrienea.
  • Eguerdiko 14:30ean: GAZTEEN BAZKARIA, Done Eztebe plazan. Antolatzaileak: Biyurrienea.
  • Arratsaldeko 16:00etan: Haur mailako banakako 23. XAKE LEHIAKETA, Madalensoron. Antolatzailea: Haurtzaro Ikastola.
  • Arratsaldeko 17:00etan: TXOKO JOLASAK, Arizmendienean hasita. Antolatzailea: Haurtzaro Ikastola.
  • Arratsaldeko 17:00etan: EUSKAL PILOTA EGOKITUko erakustaldia, Madalensoro pilotalekuan. Antolatzailea: Mindara Elkartea.
  • Arratsaldeko 18:00etan: 31. ARIN-ARIN ETA FANDANGO TXAPELKETA, gaztetxoentzat Beheko Plazan. Gipuzkoa osoko dantzariak, 14 urtetik beherako neska-mutilak, Lartaun Txistulari Taldearen doinuekin dantzan. Antolatzailea: Aldeguna Elkartea.
  • Arratsaldeko 18:00etan: Elektrotxarangak gidatutako POTEOA tabernaz taberna. Jarraian, txosnagunean, JOKOAK. Antolatzaileak: Biyurrienea.
  • Arratsaldeko 19:00etan Goi mailako ESKUZKO PILOTA partidak, Madalensoro pilotalekuan (antolatzailea: Oiarpe K. E.):
    • Leire Galdeano-Nora Mendizabal / Maddalen Etxegarai-Itxaso Erasun
    • Oier Zabaleta-Unax Landa / Oihan Etxeberria-Mikel Leonet
  • Arratsaldeko 20:00etan: DANTZA BILERA, Kastroko iturrian. Antolatzailea: Soinuenea Fundazioa.
  • Arratsaldeko 20:00etan: DISKO ROLLER festa, Ikastolako frontoian. Antolatzailea: Haurtzaro Ikastola.
  • Gaueko 23:00etan: Dantzaldia, Done Eztebe Plazan: LAIOTZ taldearekin. Antolatzaileak: Musika Batzordea.
  • Gaueko 23:30ean: DJ FRESA MORANGO, Txosnagunean. Antolatzaileak: Musika Batzordea
  • Gaueko 24:00etan: DJ La Fulana, Zimitiyoko txosnan. Antolatzailea: Zimitiyoko txosna.

ABUZTUAK 6, igandea, HAURREN EGUNA:

  • Goizeko 09:00etan: GOIZ ERESIA. Antolatzailea: Lartaun Txistulari Taldea
  • Goizeko 10:00etan: 75. XANISTEBAN TXIRRINDULARI SARIA, Euskal Federazioak 23 urtez azpiko eta elite mailako txirrindularientzat antolatzen duen Euskaldun Saria. Antolatzailea: OTXE Oarsoaldeako Txirrindulari Kirol Kluba.
  • Goizeko 10:30ean: Xanistebanetako HAURREN ESKU-PILOTA TXAPELKETA HERRIKOIAren finalak, binaka, Kontzejupean. Antolatzailea: Oiarpe KE.
  • Goizeko 10:30ean: Gaztetxoen DANBORRADA. Antolatzaileak: Ergoiengo Jai Batzordea eta Haurtzaro Ikastola.
  • Goizeko 11:30ean: ERRALDOIEN eta ERRALDOI TXIKIEN KALE-BUELTAK, Done Eztebe plazan hasita. Antolatzailea: Oiartzungo Erraldoien Konpartsa.
  • Goizeko 12:00etan: Oiartzungo Herri Musika Eskolakoen kale-bueltak, Done Eztebe plazan hasita. Antolatzailea: Soinuenea Fundazioa.
  • Eguerdiko 12:30ean: ARKUME ERRETZEA: ARKUMEA BURDUNTZIAN, A ZE POZA TRIPAN SARTZIAN. Done Eztebe plazan, herri-poteoaren hasiera.
  • Eguerdiko 14:30ean: ARKUME JATEA. Bazkalondoa, TXARANGAk alaituta. Antolatzailea: Ardi Latxa elkartea.
  • Arratsaldeko 16:00-20:00: Haurtzaro Ikastolako jolastokian, HAUR ETA GAZTEENTZAKO PARKEA. Antolatzailea: Haurtzaro Ikastola
  • Arratsaldeko 16:00etan: Xanistebanetako 26. TRUK TXAPELKETA, Madalensoro pilotalekuan. Antolatzailea: Oiarpe KE.
  • Arratsaldeko 18:30ean: Haurrentzako TXOKOLATADA, Ikastolako jolastokian. Antolatzailea: Haurtzaro Ikastola.
  • Arratsaldeko 19:00etan: AITOR TXIKI XIV. ARETO FUTBOLEKO TXAPELKETAren finalak, Elorsoro kiroldegian.
  • Gaueko 23:00etan: Dantzaldia, BIDE BATEZ taldearekin, Done Eztebe plazan.
  • Gaueko 23:30ean: Musika Jaialdia, Txosnagunean (antolatzaileak: Musika Batzordea).
    • AÑUBE
    • DANTZALL SOUND
  • Gaueko 23:30ean: Elizaldeko kaleetan zehar, ZEZENSUZKOA ibiliko da, Lartaun Txistulari Taldeak Idiarena doinuz lagundurik.
  • Ondoren: Dantzaldiaren jarraipena, BIDE BATEZ taldearekin, Done Eztebe plazan. Antolatzaileak: Musika Batzordea.

Gehigarriak

Badatoz Xanistebanak