Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí
El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus
Xanistebanak ate joka ditugu eta festetan egongo diren udal zerbitzuen berri eman dute Nora Velez del Burgo eta Jexux Olaziregi zinegotziek.
Indarkeria matxisten inguruko informaziorako eta arretarako gunea izango da aurtengo berrikuntza nagusia, festetan erasoren bat jasaten dutenentzat argibideak eman eta erasotuaren beharren araberako babes eta laguntza eskaintzeko. Gauero egongo da zabalik, 23:00etatik 06:00etara Mendiburu kaleko 5. zenbakiko udal bulegoan (txokolategi parean). Abuztuaren 4, 5 eta 6an arratsaldez ere eskainiko dute zerbitzua, 14:00etatik 18:00etara.
Velez del Burgo feminismo zinegotziak azaldu duenez, indarkeria matxistetan eta feminismoan adituak diren emakumezko profesionalek emango dute laguntza eta erasotuaren nahia errespetatuko dute. “Indarkeria matxistarik gabeko Xanistebanak nahi ditugu eta horretarako ezinbestekoa da prebentzioa landu eta kasurik egongo balitz biktimei behar duten laguntza guztia eskaintzea”. Horretarako emango du Udalak lehen aldiz zerbitzu hau, “edozein zalantza dutenei argibideak eman, erasotuak entzun, babestu eta dituzten beharren arabera gomendatu eta orientatzeko”.
Gauetan, etxera buelta Xorrolan
200 pertsonek erabili zuten iaz herri barruko gaueko autobus zerbitzua eta arrakasta ikusita, aurten ere festetako bost gauetan zortzi auzoak lortuko ditu orduro Xorrola bereziak, 00:00etatik 06:00etara. Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak gaueko zerbitzuetarako zehazten duen prezioa izango du (2€).
Jexux Olaziregi kultura zinegotziak adierazi du herriko festetan zehar mugikortasunean segurtasuna handitzeko emango duela Udalak zerbitzua, “ibilgailuen erabilera gutxitzeko, alkohola kontsumitu duten pertsonek autoa ez hartzeko eta etxerako bidean emakumeen segurtasuna hobetzeko”.
Aurreko urteko ibilbidea eta geltokiak izango ditu. Biblioteka ondoko autobus geltokitik abiatuko da eta herriko plazatik urrutien dauden auzoetara joango da lehenengo:
Eguneko Xorrolak ordutegi zabalagoa
Ohiko Xorrolak ere ordutegi zabalgoa izango du Xanistebanetan. 2tik 6ra 07:10ean hasi eta 22:40an bukatuko da (Arraguako ordutegia). Taxibus zerbitzua ere egunero egongo da ohiko ordutegian.
Kale mozketak direla aldaketak izango dira geltokietan: Manuel Lekuona etorbideko (anbulatorioa) eta Yon Oñatibiako geltokiak eta Rafael Pikabea eta Landetxera (aparkaleku sarrera parera) pasako dira.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika