Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí
El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus
Ekainaren 17an eratu zen udalbatza berria eta hilabete hauetan zehar 2023-2027 urteetan gauzatuko duten programa zehazteko lanean ibili da gobernu taldea. Datozen lau urteetan lehentasunez landuko dituzten helburu estrategikoak eta horretarako egingo dituzten egitasmoak definitu dituzte.
“Oiartzuar guztien bizitza hobetzeko” lan egingo dutela adierazi du Joana Mendiburu alkateak, “herritarrekin eta Oiartzungo eragile sozial eta agente ekonomikoekin batera”. Oiartzungo Udalean ohikoa den lanketa publiko-komunitarioan sakondu eta “arlo gehiagotara” zabaldu nahi dute, energia, sozio ekonomia eta elikadura esparruetara, besteak beste. Elkarlan publiko-komunitarioa martxan jarriko dituzten “egitasmo guztien oinarria” izango dela nabarmendu du alkateak. “Ditugun erronkak ez dira soilik udalaren ekimenez lortuko, ezinbestekoa dugu komunitatearekin etengabeko lankidetza estuan aritzea. Oiartzuarrekin eskuz esku lan egingo dugu, herri euskaldunagoa, biziagoa, berdinzaleagoa eta jasangarriagoa lortzeko”.
Ekarpenak jasotzeko auzo bilerak
Osatu duten gobernu plana izango da 2023-2027 legealdian Oiartzungo Udalaren jardunaren iparrorratza. Oiartzuarren eta herriko eragileen lehentasunak eta beharrak izan dituzte oinarri programa osatzerakoan eta hamarnaka egitasmo eta proiektu jaso dituzte. “2027an nolako Oiartzun izan nahi dugun definitu dugu eta horretarako herritarrekin batera martxan jarriko ditugun ekimenak zehaztu ditugu, bideorria marraztu dugu”.
Helburuak eta ekintzak herritarrei azalduko dizkiete orain, ekarpen gehiago bildu eta plana aberasteko. Auzoz auzo bilera irekiak egingo dituzte horretarako. Urriaren 2tik 19ra izango dira (19:00etan denak). 2024 urteko aurrekontu proposamena ere aurkeztuko dute, auzotarren iradokizunak entzuteko.
Herritarrei bileretan parte hartzeko deia egin die Mendiburuk. “Herritarrek, eragileek, elkarteek, agenteek eta Udalak osatzen dugu Oiartzungo komunitatea. Guztion iritziak, ideiak, lehentasunak, interesak eta ekintzak funtsezkoak dira gure ekosistema propio honen garapenerako. Eta bide horretan elkargune ezin hobea dira auzo batzarrak, elkar ezagutu, entzun, ulertu, harreman sareak josi, konfiantza eraiki, adostasunak bilatu, indarrak lerrokatu eta Oiartzun elkarlanean hobetzen jarraitzeko”.
Egutegia
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika