Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí
El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus
Merezitako omenaldia jaso du gaur Alex Bargalló Zuzuarreguik. Landetxe kultur aretoan elkartu dira azken 40 urteetan ondoan izan dituen ikasle eta taldekideak, Oiartzungo kirol elkarteetako kideak, Udal ordezkariak, senideak eta lagunak.
Edorta Fernandez kirol zinegotziak eman dio hasiera ekitaldiari. Bargallók Elizaldetarrak Judo Elkartea duela 40 urte sortu zuela gogorarazi du eta lau hamarkada hauetan 2.250 ikasle izan dituela eskolak. “Judoarekiko pasioa kutsatzen jakin duzu. Lehen ikasle zirenak guraso dira orain. Kasu batean 3 generazio ere pasa dira zure eskuetatik. Judoaren beste familia bat sortu duzu”. Oiartzun herriaren izenean eskerrak eman dizkio zinegotziak, “judoaren bitartez oiartzuarrak kirolean eta baloreetan hezi dituzulako, inor atzean utzi gabe”.
Elizalde eskolako gurasoen ekimenez hasi zen Alex judoko klaseak ematen eta bertako guraso taldeko kideek ere parte hartu dute ekitaldian. Esker oneko hitzak izan ditu David Muñoz elkarteko lehendakariorde eta Bargallóren ikaste ohiak. “Judoan ikasten den lehenengo gauza nola erori da. Zuri esker azkar dominatu genituen ukemiak. Pixkanaka barneratu genuen, ordea, ukemia ez dela erortzea, erori eta berriz altxatzea baizik. Maitasunez erakutsi diguzu garrantzitsuena ez dela zenbat aldiz erortzen garen, zenbat aldiz altxatzen garen baizik”.
Joana Mendiburu alkateak eman dio saria
Urte hauetan guztietan Bargallóren ikasle izan direnen hitzekin emozio eta sentimenduz beteriko bideoa prestatu du Udalak. Alexek haien bizitzetan egindako ekarpenak jaso nahi izan dituzte. Baloreak, laguntasuna, babesa, segurtasuna, konfiantza… Nortasuna finkatzen, beldurrei eta desorekei erantzuteko tresnak ematen, elkar zaintzen, errespetatzen eta maitatzen erakutsi diela azpimarratu dute ikasleek.
Joana Mendiburu alkateak eman dio saria. 40 urteko ibilbidean Oiartzungo hainbat eta hainbat etxetan hiztegi berri bat sartu izanaren “erruduna” Alex dela esan du udalburuak. “Haurrek beregan sentitzen dute babesa lehiatzera joaten direnean eta bere eskuetatik pasa zareten oiartzuarrek Alexek eskainitako oroitzapen onak eta berekiko maitasuna besterik ez dizkidazue aipatu”. “Bihotz bihotzez” eskerrak eman dizkio alkateak, “puntakoa ez den kirol disziplina batean horrelako miresmena irabazteko gogotik eta bokazioz” lan egiteagatik.
Eskertuta eta hunkituta jaso du Bargallók Oiartzungo VIII. Kirol Saria. Eskerrak eman dizkie saria jasotzeko proposatu eta aukeratu duten guztiei. Kirol klubean 40 urteko ibilbide luzea egin duen arren “erraza” izan dela aitortu du. “Ez dakit merezimendu handirik duen, gustatzen zaidan zerbait egin dudalako eta gainera, jende bikainez inguratuta. Nolanahi ere, mila-mila esker”.
Familia argazkiarekin amaitu dute emozioz beteriko ekitaldia.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika