Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí
El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus
Ekainaren 17an eratu zen udalbatza berria eta hilabete hauetan 2023-2027 urteetan gauzatuko duten programa zehazten ibili da gobernu taldea. Datozen lau urteetan lehentasunez landuko dituzten helburu estrategikoak eta horretarako garatuko dituzten egitasmoak definitu dituzte.
Osatu duten gobernu plana izango da 2023-2027 legealdian Oiartzungo Udalaren jardunaren iparrorratza. Oiartzuarren eta herriko eragileen lehentasunak eta beharrak izan dituzte oinarri programa osatzerakoan eta hamarnaka egitasmo eta proiektu jaso dituzte. 2027an nolako Oiartzun izan nahi duten definitu dute eta horretarako herritarrekin batera jarraitu beharreko bideorria marraztu dute.
Oiartzuar guztien bizitza hobetzeko elkarlan publiko-komunitarioa
Oiartzuar guztien bizitza hobetzea da udalaren egitekoa. Herri berdinzalea, bizia, jasangarria eta euskalduna lortzea izango da helburua eta horretarako ezinbestekoa izango da elkarlana, herritarrekin eta Oiartzungo eragile sozial eta agente ekonomikoekin batera eskuz esku lan egitea.
Oiartzungo Udalean ohikoa den lanketa publiko-komunitarioan sakondu eta arlo gehiagotara zabaldu nahi dute, energia, mugikortasuna, ekonomia soziala eta elikadura esparruetara, besteak beste. Herritarrekin lan egiteko formula berriak bilatu nahi dituzte, Oiartzunek herri bezala dituen erronkak ez baitira soilik udalaren ekimenez lortuko.
Orain arte ohikoa zen udalaren eta herritarren arteko elkarlanari hirugarren hanka bat gehitu nahi zaio; ekonomia sozialeko agenteena (kooperatibak eta enpresa txikiak). Hiru zutabe horietan (udala-herritarrak-agente ekonomikoak) oinarritutako elkarlan publiko-komunitarioa izango da martxan jarriko diren egitasmoen euskarria. Udalaren baliabideak ere mugatuak direla jakitun, ezinbestekoa izango da komunitatearekin etengabeko lankidetza estuan aritzea, indarrak batu eta elkarrekin ekitea.
3 lan-lerro eta 5 ildo estrategiko
Krisien aroa bizi dugu. Krisi klimatikoa, ekonomikoa, demografikoa, hizkuntzarena… Garai nahasietan aukerak sortu eta bide berriak ere irekitzen dira eta erronka globalei tokiko ekimenekin erantzuteko plana osatu dute.
Bost izango dira ildo estrategikoak: elikadura burujabetza, energia burujabetza, mugikortasun jasangarria, osasuna eta zaintza eta kultura euskaraz. 3 lan-lerrotan banatu dute legealdi plana: herritarrak, lurraldea eta antolaketa. Hemen ikusi daitezke egitasmo nagusienak.
Esan eta egin
Urriko auzo bileretan herritarrek egindako proposamenekin aberastu dute 2023-2027 legealdi plana. Lehentasun horien arabera ari dira prestatzen orain 2024ko udal aurrekontua. Aurreikusitako proiektuak gauzatzeko Udalaren egitura ere aldatu dute; sail ezberdinetako zinegotzi eta teknikariekin koordinazio batzordeak osatu dituzte egitasmoen zeharlerrotasuna garatu eta jarraipena egiteko.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika