Ondare Jardunaldiak egingo dituzte azaroaren 8tik 25era

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Oiartzungo ondarea eta historia ezagutzera emateko jardunaldi ezberdinak antolatu dituzte bosgarren urtez Oiartzungo Udalak eta Ondarearen Mahaiak. Aurreko belaunaldiek utzitako kultur ondarea jaso, zaindu eta ondorengoei transmititzeko erakusketa eta ekitaldi ezberdinak egingo dituzte aurten ere.

Azaroaren 8tik 25era egingo dituzte saioak. Doanik izango dira ekintza guztiak. Dena den, zenbait ekintzetan parte hartzeko izena ematea eskatu dute antolatzaileek turismoa@oarsoaldea.eus helbidera idatzita edo 943 49 45 21 telefonora deituta.

EGITARAUA:

  • Azaroak 8tik 16ra: Lihoaren prozesuaren erakusketa. Lihoa ehunan bihurtuz, Bixen eta Estanis omenduz (10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara Pleno aretoan).

Lihoa ehungintzan erabili zen lehenengo landare zuntza izan zen. Lanketa luzea, zaila eta gogorra izaten zen, eta normalean baserriko emakumeek egiten zuten. Urte luzez lan honetan aritu ziren Bixen Larzabal eta Estanis Urdanpilleta eta lihoa lantzeko erabiltzen zituzten tresnen erakusketa ikusteko aukera izango da Udaletxeko pleno aretoan.

  • Azaroak 10, ostirala: Liho erakusketako irekiera ekitaldia (18:00etan Pleno aretoan).

Lihoa zuntza izatetik arropa izatera bihurtzerainoko prozesua zein izaten zen eta erabiltzen ziren tresnak eta prozesua azalduko dituzte herriko Bixen Larzabal eta Estanis Urdanpilletak.

  • Azaroak 19, igandea: Arizmendieneako kaperako inskripzioen berrinterpretazioa serigrafia bidez (10:30etik 13:30era Aruznebduebean).

Iaz, Allende Arnaizek "Atoz Pekataria" proiektua ondu zuen Arizmendieneako kaperako inskripzioak oinarri hartuta. Emaitzak modu praktiko batean aurkeztu zituen Hitzen Lihoa ekimenean antolatutako tailerrean. Ondarearen jardunaldi hauetan inskripzio hauetako batekin osatutako beste bat estanpatuko dute. Horretarako partaideek kamiseta, alkandora edo oialezko euskarri bat ekartzera gonbidatu dituzte bertan obra honetako esaldi bat serigrafiatzeko.

Oraingo honetan Elena Zalakainekin Arizmendieneko kapera bisitatuko da tailerraren ondotik. Kaperaren historiaren berri emango du eta jatorrizko inskripzioak ikusiko dira. Zalakain historiako irakasle izan da eta Arizmendieneako berreskuratze lanetan parte hartu zuen. Egun bisita gidatuak egiten ditu bertan.

Parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko da.

  • Azaroak 25, larunbata: Oiartzuarron barrokoa (11:00etan Done Eztebe elizan). Bi zati izango ditu Elena Zalakainek gidatuko duen saioak. Lehenengoan testuingurua eta protagonistak azalduko ditu: enkarguak egiten zituztenak, egileak, lanbideak… Bigarren atalean ezaugarri artistikoak garatuko ditu.

Parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko da.

Argazkian, ezkerretik eskubira, Elena Zalakain Ondarearen Mahaiko kidea, Estanis Urdanpilleta eta Bixen Larzabal lihoan adituak eta Jexux Olaziregi kultura zinegotzia.

Gehigarriak

Ondare Jardunaldiak egingo dituzte azaroaren 8tik 25era