Trabajadoreak oroitu eta dagokien errekonozimendurako txokoa

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

1936ko Gerra ondoren, frankistek preso hartutako milaka lagun erabili zituen Espainiako estatuko errepide, kanal eta obra ezberdinak egiteko. Trabajadore batailoi hauek gatibu, zegozkien giza-eskubide guztiak urratuz, egoera latzetan bortxazko lanak egitera behartu zituzten. 1937an hasi zen Francisco Franco diktadorearen erregimena gerra galdu zuten errepublikazaleen kontra errepresio mota hau erabiltzen.

1939an ekarri zituzten lehen trabajadoreak Oiartzunera, behartutako lanak egitera. 1942ra arte 12.500 preso inguru egon ziren herrian, 18 batailoietan banatuta. Haien esklabu lanekin eraiki ziren Aritxulegiko eta Erlaizko bideak, besteak beste. Trabajadoreetako zazpi fusilatu egin zituzten: Felipe Ledesma Cano, Manuel Vacell-Sola, Antonio Lopes de Dios, Mariano Calvo Herrador, Francisco Murillo Davila, Jose Sanchez Molero, Jose Sirena Inza eta Casimiro Garcia Valle.

Arkaleko barrakoi baten zatia berreskuratu dute

Barrakoi edo txabola gisako pabiloietan pilatuta egiten zuten lo trabajadoreek. Hiru tokitan egon ziren barrakoiak Oiartzunen: Gurutzen Arkalen eta Babilonian; eta Ergoienen, Aritxulegin.

Kattin Txiki elkarteak urteak daramatza trabajadoreen memoria historikoa berreskuratzeko eta dagokien errekonozimendurako omenaldiak eta ekintza ezberdinak gauzatzen, Udalaren babesarekin. Beraien ekimenez, Arkaleko barrakoiaren zati bat berreraikitzeko proiektua egin dute orain.

1937an Arkale ingurua soila zen arren, gaur egun basoa da dena eta pabiloien arrastorik ez zen antzematen. Argazki zaharretan oinarrituta hasi ziren taldeko kideak Arkalen kanpamenduak egon ziren tokien bila. Horrela aurkitu zituzten barrakoi zaharren zatiak.

Jatorrizko pabiloiak askoz luzeagoak ziren arren, aurkitutako arrastoen baitan egin dute hogei metro koadroko erreplika. Arkaleatze bidetik Beloagara joateko bidegurutzea jarraituta iritsi daiteke bertara.

Aitortza, erreparaziorako bidea

Informazio panelak jarriko dituzte inguruan, jazo zena kontatu eta aitortzeko. Barrakoiaren erreplikan trabajadoreak egon ziren garaiko argazki eta objektuekin erakusketa ere jartzeko asmoa badute, haien bizimodua zein gogorra izan zen ezagutarazteko eta memoria historikoaren transmisiorako.

Obra lanak bukatuta daude eta dagoeneko bisitatu daiteke txokoa. Erakusketa eta informazio panelak jartzerakoan egingo dute inaugurazio ekitaldia.

Argazkian gobernu taldeko eta Kattin Txikiko kideak.