Sexista al da Oiartzungo kirol esparrua?

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Sexista al da Oiartzungo kirol esparrua? Zein da gaur egungo egoera? Eta zein dira egin beharreko aldaketak kirol esparrua oiartzuar guztientzat izateko? Galdera hauei erantzuten saiatuko dira kirol alorrean egin den diagnostikoarena aurkezpenean.

Oiartzun ezaguna da zenbait esparrutan emakumezkoen kirolagatik, baina benetan, zein da kirola egiten duten Oiartzungo emakumeen egoera? Eta kirola egiten ez duten emakumeek, zergatik ez dute kirola egiten?  Zerk baldintzatzen du haien kirol jarduera?

Kirola gizonen eremu izan da tradizioz, indarra, ausardia, abiadura, ziurtasuna eta haiei egotzitako beste hainbat estereotipo garatzeko gotorlekua. Arlo honetan parte hartzeko hamaika oztopo jarri zaizkie emakumeei, “gizonezkotzat” hartu diren kiroletan bereziki. Gorputz jabekuntzarako eta ahalduntzeko tresna paregabea izanda ere, emakumeei jarduera fisikoa egiteko mugak jarri zaizkie beti.

Proiektu guztietan lan egiteko modua eraldatu nahi du Oiartzungo Udalak, berdintasun politikak arlo guztietan zehar lerro bezala txeratuz, baita kirolean ere. Aurretik ere egin izan ditu kirol arloan genero ikuspegia txertatzeko ekintzak; eskola kirolean hezkidetza sustatzeko edota emakume kirolariak eta profesionalak ikusgai egiteko, Kirol Astean egiten diren ekintza ezberdinen bidez. 2023an pauso bat gehiago eman du Udalak eta Oiartzungo kirol arlo guztiaren diagnostikoa egin du ikuspegi feministatik.

Oztopoak antzeman eta zuzendu

Herriko kirol eskaintza integrala eta udal kirol azpiegiturak genero ikuspegitik aztertu ditu Udalak, emakume eta gizonen artean zein desberdintasun dauden behatzeko, emakumeenganako diskriminazio egoerak baldin badaude antzeman eta zuzentzeko proposamenak jasotzeko. Horretarako kirol arloko azpi-eremu ezberdinak aztertu dituzte: Udaleko kirol saila, partaidetza kirola, kirol federatua, eskola kirola eta azpiegiturak.

Federatutako kirolean aritzen den gizon eta emakume kopuru eta egiten duten kirol mota, klubetako zuzendaritzen osaera, eskola kirolako partaideak, kiroldegiko bazkideak, ikastaroetako abonatuak, espazioen erabilera eta Udaleko Kirol Sailetik egiten diren egitasmo eta hitzarmenak aztertu dituzte besteak beste, emakumeek kirola egiteko dituzten oztopoak detektatzeko.

Aurkezpen publikoa, asteartean

Asteartean (hilak 14) aurkeztuko dituzte diagnostikoaren emaitzak, 19:00etan Landetxe Kultur Aretoan. Irekia izango da saioa eta herritar guztiak parte hartzera gonbidatu ditu Udalak. Bereziki animatu dituzte herriko kirol taldeetako partaide eta zuzendaritzetako kideak, egoera aldatu eta emakumeek kirolean gehiago parte hartzeko ezinbestekoa izango baita Udalaren, taldeen eta eragileen arteko elkarlana.

Saiora joateko gonbidapenak sarrerak.oiartzun.eus webgunean daude eskuragarri.

Gehigarriak

Sexista al da Oiartzungo kirol esparrua?