Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí
El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus
Egun gutxi barru emango diogu ongietorria abenduari eta dagoeneko ate joka ditugu Gabonak, jai egunak eta ospakizunak. Apaingarri bereziak jartzen dira herriko txoko eta etxe askotan eta Oiartzungo kaleak elkarlanean eta modu jasangarrian edertzeko ekimena egingo dute lehen aldiz Oiartzungo Udalak, herriko sortzaileek, ikastetxeek eta Abaraxkak.
Ilundutakoan pizten diren argiak izaten dira egun hauetako apaingarrien oinarria. Ohitura hau aldatu eta herria elkarrekin eta material naturalekin edertuko dute aurten. Antolatzaileek adierazi dutenez, “sormena eta irudimena erabiliaz dekorazio originala, polita eta jasangarria sortu nahi dugu elkarlanean, argi gutxiago erabili eta egunez ere gabon giroaz gozatzeko”.
Abenduaren 15etik urtarrilaren 7ra Doneztebe plaza eta inguruko kaleak koloreztatzeko proposamena diseinatu dute herriko gazte sortzaileek. Material naturalak eta birziklagarriak erabiliko dira txoko ezberdinak janzteko: adarrak, hostoak, morkotsak, oihal zatiak, sokak, artilea…
Apaingarriak elkarlanean bildu eta sortzeko bi hitzordu azaroan
Artistek pentsatu dituzten apaingarriak elkarlanean bildu eta osatu nahi dituzte orain Udalak eta herriko ikastetxeek eta eragileek. Larunbat honetan, hilak 18, jarri dute lehenengo hitzordua. 9:30ean Doneztebe plazan elkartuko dira inguruko lorategi eta basoetan materiala jasotzera joateko. Oiartzuar denak animatu dituzte materiala biltzera.
“Larunbatean bertan edo aurretik ere koadrilan edo norbere kabuz mendira joaten direnek ere animatu nahi ditugu oiartzuarrak, ahalik eta material gehien jasotzeko”. Larunbatean 12:30ean plazan pilatuko dute bildutako guztia.
Jasotako materiarekin azaroaren 24ean prestatuko dituzte apaingarriak, 17:00etan Kontzejupean.
Oiartzuarron arbola
Besteak beste, egur xaflekin egindako arbola handi bat jarriko dute herriko plazan. Etxeetan soberan dauden apaingarriekin bete nahi dute zuhaitza. “Etxe askotan egoten dira dagoeneko erabiltzen ez diren bola eta apaingarriak. Datozen egunetan Abaraxka udal ludotekara eramateko eskatu nahi diegu herritarrei, hauek berrerabili eta guztion artean oiartzuarron arbola sortzeko”.
Argazkian Olaia Lasa eta Agustin Lekuona zinegotziak, Abaraxka eta ikastetxeetako kideak eta herriko sortzaileak.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika