Altzibarko etxebizitza tasatuetan izena emateko baldintzak onartu dituzte

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Altzibarko ALT-6 sektorean, Agerrealde eta Aduriz artean egingo dituzten etxebizitza tasatuetan izena emateko oinarriak adostu zituzten atzo, urtarrileko ohiko udalbatzarrean. 12 etxe izango dira: bi logelako 5 etxe (70 m2 ingurukoak), hiru gelako 6 (87 m2-koak) eta izaera iraunkorreko desgaitasuna duten pertsonentzat egokitutako bat. Garajea eta trastelekua izango dute denek. Hiru logelako etxebizitzetan 4 pertsona edo gehiagoko bizikidetza unitateek izango dute lehentasuna.

Interesa dutenek martxoaren 1etik apirilaren 15era eman beharko dute izena, Udaletxean bertan edo erregistro elektroniko bidez. Bakarka edo elkarrekin bizi diren edo biziko diren bi pertsona edo gehiagoz osatutako bizikidetza unitateetan egin daiteke eskaera. Udal etxebizitza tasatuen erregistroan aurretik izena emana dudenek ere eskaera aurkeztu beharko dute, etxebizitza hauen zozketan parte hartu nahi badute.

Hainbat baldintza bete beharko dira

Baldintza ezberdinak bete beharko dira etxebizitza esleitzeko:

  • Adina: Adinez nagusia edo adingabe emantzipatua izatea.
  • Errolda: 2024ko urtarrilaren 1etik Oiartzunen erroldatuta egotea, azken hamabost urteetan bost urtez erroldatuta egon izana edo azken hamar urteetan herrian etenik gabe lan egin izana. Errolda baldintza betetzen dutenek lehentasuna izango dute lan baldintza betetzen dutenekiko. Genero indarkeriaren biktima izan diren emakumeei ez zaie erroldatuta egotea eskatuko.
  • Baldintza ekonomikoak: Bizikidetza-unitateak 15.000 euro eta 50.000 euro bitarteko diru-sarrera haztatuak (ponderatuak) izatea.
  • Ondarea: Etxebizitzarik ez izatea (salbuespenak egongo dira, etxebizitza edukita ere bizikidetza-unitatearen beharretarako egokia ez izatea edo banaketa kasuetan, besteak beste).

Xehetasunak Udalaren webguneko iragarki taulan ikus daitezke.

Zozketa ezberdinak

Baldintzak betetzen dituztenekin zerrenda egin eta zozketa bidez esleituko dira etxebizitzak. Zozketa notario aurrean egingo da eta publikoa izango da. Onartutako eskaeren zerrenda argitaratzean zehaztuko da eguna eta ordua, baina ekainean egingo dela aurreikusten da.

Izaera iraunkorreko desgaitasuna duten pertsonentzat egokitutako etxebizitza zozketatuko da lehenengo. Gainontzeko 11k bizikidetza-unitatearen kide kopuruaren eta etxebizitzaren logela kopuruaren arteko egokitasuna kontuan hartuz esleituko dira. Bi zozketa ezberdin egingo dira horretarako: hiru gelako etxebizitzena lehenik, aukeraketa hori egin duten lau kide edo gehiagoko unitateen artean. Zozketa hau bukatutakoan, bi logelako etxebizitzak zozketatuko dira gainontzeko eskatzaileen artean. Gainera, hiru gelako etxebizitzen zozketan baten bat esleitu gabe geldituko balitz, azken zozketa bat egingo dute.

Onuradunen zerrenda egin ondoren itxarote-zerrenda osatuko dute, ausaz.

Gehigarriak

Altzibarko etxebizitza tasatuetan izena emateko baldintzak onartu dituzte