German Ugarte kalearen izena Mendibil izango da aurrerantzean

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Urtarrileko udalbatzarreko gai-zerrendan aurreikusita zeuden puntu guztiak aho batez onartu zituzten. Ugaldetxoko German Ugarte kaleko bizilagunek kalearen izena aldatzeko egindako eskaera onetsi zuten hautetsiek atzo arratsaldean egindako bilkuran. Jatorrizko toponimoa berreskuratu eta Mendibil kalea izango da berriz aurrerantzean. Kaleko plaka aldatuko du Udalak eta izen berria jakinaraziko die Estatistikako Institutu Nazionalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuari eta Correosi.

Altzibarren eraikiko diren 12 etxebizitza tasatuak esleitzeko baldintzak ere zinegotzi denen aldeko botoekin onartu zituzten. Udalaren webgunean eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dituzte, eta martxoaren 1etik apirilaren 15era izango dute eskaerak aurkezteko epea interesdunek.

23 kontratazio prozedura

Urmendi haur ikastola partzuergoari Udalak 2024an egingo dion ekarpena ere adostu zuten: 873.600 euro bideratuko ditu 0-3 urte bitarteko haurren heziketa doakoa izateko.

Kontratazio gaiak ere landu zituzten. Udal eraikinen garbiketa kontratuaren bigarren luzapena onartu zuten, urte betekoa. 508.824,66 euroko kostua izango du garbiketa zerbitzuak. 2024an Udalak martxan jartzea aurreikusi duen Kontratazio Plana ere ontzat eman zuten, gardentasun ariketa egin eta Udalaren beharrak aurretik ezagutarazteko, horrela enpresa ezberdinek eskaintzak zehaztasun handiagoz prestatzeko. 23 kontratazio prozedura gauzatuko dituztela aurreikusi dituzte, bidean behar gehiago sortu daitezkeen arren. Udalaren kontratatzailearen profilean eta Europar Batasunaren Egunkari Ofizialean argitaratuko da informazioa.

Gai-zerrendan ez zegoen beste puntu bat ere landu zuten osoko bilkuran. Aiako Harria Natura Parkea patronatuko Udalaren bigarren ordezkaria aukeratu zuten, EH Bilduko zinegotzien aldeko botoekin (EAJ abstenitu egin zen). Ibintza Iragorri izango da titularra eta Jon Albisu ordezkoa.

Abenduko protokolo gastuak 2.232,61 € izan ziren, lore, jardunaldi, garaikur eta luntxetan. Urtarrilekoak 159,90 € izan dira, lore, eskela eta bidaietan.

Gehigarriak

German Ugarte kalearen izena Mendibil izango da aurrerantzean