Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí
El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus
Trabajadoreen barrakoiaren erreplika eraiki dute Kattin Txiki elkarteak eta Udalak elkarlanean, bertan esklabu lanetan gatibu eduki zituzten presoak omendu eta gizon haien bihotzen taupadei leku egiteko.
Altxamendu frankistaren ondoren, Errepublikaren alde aritu ziren milaka preso espainiar Estatutik Oarsoaldera ekarri zituzten lan behartuak egitera. 1939tik 1942ra 12.500 trabajadore inguru aritu ziren esklabu lanetan eskualdean (ia 3.000 Oiartzunen), bertako bide eta azpiegitura ezberdinak egiten. Bizitu eta sufritutakoa ahaztu ez dadin berreraiki dute bertan egon zen barrakoiaren erreplika. Larunbatean inauguratu zuten oroimenerako txoko berria.
Fusilatuak oroitzeko eskultura
Lur Gaztelumendi Kattin Txikiko kideak azaldu zuenez, Oiartzunen trabajadore batailoiak hiru kanpamendutan bereizi zituzten: Gurutzeko Babilonia eta Arkalen, eta Ergoiengo Aritxulegin. “Errepide taktiko gisa egiten aritu ziren Gurutzetik Lanbarrenerako bidea, Sistiagatik Aiako Harrian barrena Erlaitzera doana eta Ergoiengo auzotik Lesakarako bide eta tunelak”. Haien bizi-baldintza gogorrak ekarri zituen gogora: “Indar lana itzela zen, elikadura eskasa eta diziplina gogorra. Ogi gutxi eta makilakada asko. Legarren ezarri zuten ospitaletik langile asko pasa ziren, eta askok heriotza zigorra ere izan zuten”. Aipamen berezia egin nahi izan zien kide baten ihesaldiaren ondorioz fusilatu zituzten 8 trabajadoreei: Manuel Baucells Sola, Felipe Ledesma Cano, Antonio Lopez de Dios, Mariano Calvo Herrador, Francisco Murillo Davila, Jose Sanchez Molero, Jose Sirena Inza eta Antonio Lopez Fernandez. Bakoitzaren izena daraman pikotx bana jarri zuten barrakoiaren ondoan, omenaldi moduan.
Kattin Txikiko Joxe Kruz Ezeiza ‘Kaxka’-k eman zituen barrakoia berreraikitzeko proiektuaren azalpenak. “Gaur hemen ezagutzen dugun gune hau zabalagoa zen orduan. Barrakoiek orain egin dugunaren zabalera bikoitza zuten eta askoz luzeagoak ziren, 35 metro ingurukoak”. Zati bat berreskuratu dute, zein egoera latzetan egon ziren irudikatu eta haien lana errekonozitzeko.
Hitzez adierazteko zaila dena arakatzeko gunea
Bertan egon ziten milaka lagun zein baldintzatan egon ziren irudikatzea “zaila” dela aitortu zuen Joana Mendiburu alkateak. “Erreplikak ikusi arren, zaila da imajinatzea ze burutapen izango ote zituzten gizon horiek. Autoritatearen oihuek, goseak, gaixotasunak eta nekeak itota esklabo lanetan”. Horregatik, sarraskia gogoratzeko horrelako espazioak sortzeak duen garrantzia azpimarratu zuen. “Zaila da hurrengo belaunaldiei gerrari buruzko bizipenak transmititzea, zer gertatu zen jende horrekin guztiarekin, zergatik. Ezin hitzak aurkitu. Horregatik da ezinbestekoa horrelako guneak sortzea, hitzez adierazteko zaila den hori arakatzeko hari muturrak eskaintzea hurrengo belaunaldiei”.
Trabajadoreena ere “aski ikertu gabe ahaztera utzi nahi izan den” kasu bat dela esan zuen. “Ez dakit inoiz lortuko ote dugun justiziazko haize bat orokorra, egia guztiak azaleratzeko eta egindako sarraski guztiak aitortzeko, baina argi dagoena da gauza bat: hemen 12.500 pertsona esklabu eduki zituztela. Faxistek agian pentsatuko zuten esklabotza izaera betierekotuko zutela gugan, euskaldunongan, baina ez, beste haize bat da gugan dantzan dabilena: duintasunarena eta etorkizun aske batena”.
Ekitaldian izan ziren fusilatu zuten trabajadoreetako baten senitartekoak, Manuel Baucells Solaren bilobak. Alkatearekin batera inauguratu zituzten gertatutakoa kontatzeko tokian bertan jarri dituzten informazioa eta argazki panelak. Hunkituta eman zituen eskerrak Beatriu Baucellsek. “Urte asko daramat aitonaren bila. Gizon gaztea zen, alarguna. Ausaz fusilatu zuten, horrela agindu zutelako. Injustizia hori barru-barruan daramagu, egia jakitea nahi dugulako, isiltasun eta iluntasunarekin amaitu eta pasatakoa argitara ateratzea”. Horregatik eskerrak eman zizkien Kattin Txikiri eta Udalari egindako lanagatik, “egiten duzuenarekin gertatutakoa ezagutarazi eta iluntasuna zegoen lekuan argi emateagatik. Bihotzean eramango zaituztegu beti”.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika