Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí
El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus
Babesaren eta konfiantzaren teilatupe izango da Fermiñene aurrerantzean. Gizarte zerbitzuak bertara lekualdatzeko lanak bukatu ditu Udalak, eta hasi dira herritarrak bertan artatzen.
Plazara ekarri nahi izan du Udalak ongizatea. Herrigintzaren funtsezko zutabetariko bat delako. Itzaletik argira, plaza erdira, denontzat bizigarri eta bizi-emaile izan dadin. Olaia Lasa ongizate zinegotziak azaldu duenez, “gizarte ongizatea da gure udal politikaren oinarrizko ardatza”. “Oiartzuar denek bizimodu duina” izateko bideratzen den aurrekontua eta egitasmo kopurua handitzen joan da Udala azken urteetan. Aurrekontuaz gain, baliabideak indartu dituzte orain.
“Zerbitzu hobea eskaintzeko toki gehiago eta egokiagoa” eskainiko du Fermiñene etxeak, “orain eta etorkizunean sor daitezkeen beharrei erantzuteko”. Gainera, ongizate saila plazan bertan dagoen eraikin oso batean kokatuta, “ikusgarritasuna, zentralitatea eta protagonismoa” emango zaizkio. “Orain arte itzalean geratu diren beharrak eta zerbitzuak erdigunean jarri nahi ditugu”.
Ate irekiera ekitaldia ostiralean
Datorren ostiralean ate irekiera ekitaldia antolatu dute, “oiartzuar denek herriko ongizatearen etxe berria ezagutzeko”. 18:30etan izango da, kontzejupean. Ongizatea, laguntza eskatzea, hauskortasuna, elkarlana eta babesteko sareak oholtzara ekarriko dituzte herriko artista ezberdinek. Ondoren Fermiñene berria eta bertako txoko eta gune ezberdinak ezagutzeko aukera egongo da.
Oiartzuar denak gonbidatu dituzte irekierara. “Guztion artean sortzen dugu herriko ongizatea. Udalak, herriko eragileek eta oiartzuarrek batera aurrera eramaten ditugun ekimen eta dinamikekin sortzen dugu herri bizigarria eta zaintzailea. Horregatik, denon aterpe izango den etxe berria elkarrekin ezagutzera gonbidatu nahi ditugu”.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika