Martxoaren 8aren harira adierazpen instituzionala onartu dute bi udal taldeek

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Emakumeen Nazioarteko Eguna izango da bihar eta adierazpen instituzionala adostu dute EH Bilduko eta EAJko udal taldeek. Bizitzari baldintza “duin eta justuetan” eusteko apustua egiteko unea dela adierazi dute bi taldeek, eta horrek “begirada feminista” eskatzen duela erakundeetatik bultzatzen dituzten politika guztietan. “Diskurtso hutsaletatik, elkarlanerako eta sistema publikoaren defentsarako bideak ezarri eta eraikitzeko garaia da”.

Politika publikoek “emakumeak boteretzea” lortu behar dutela aldarrikatu dute, eta horretarako ezinbestekoa dela Gobernantza Feminista. “Gobernantza Feminista eta Gobernu Ona, egiteko moduei egiten denari baino gehiago begiratzean datza. Demokratizazio prozesu bat da, oro har, lehentasunak definitzeko beste begirada bat; jarduteko eta lan egiteko prozeduretan aldaketak egitea. Gobernantza Feministari buruz ari garenean lidergo transformatzaile bati buruz ari gara eta beharrezkoa da ikuspegi feminista txertatzea aurrera eraman nahi dugun prozesu subiranistan”. Ezinbestekotzat jo dute publiko eta komunitarioaren arteko harremanei garrantzia ematea, elkarrekin sortzen diren bidegurutze berri eta ardura partekatuei. “Zeharlerrotasun erradikal bat” martxan jartzeko konpromisoa hartu dute, “estruktura estankoak apurtu eta sail ezberdinen artean proiektu konparituak” eraiki eta kudeatzeko.

Hemen adierazpen osoa:

 

MARTXOAREN 8A, GOBERNANTZA FEMINISTA HELBURU

Zaintza sistemak aldaketa sakonak behar dituela dioten ahotsak aspalditik datoz, eta toki ezberdinetatik. Azken urte eta hilabeteetan ugariak dira zaintzak sortzen dituen desorekak salatu eta egoerak iraultzeko beharra azaleratu duten ekimenak, hala nola, Nazio Batuen Erakundeak onartu egin du euskal administrazioak zaintzagatiko aliantza globalean sartzea eta, bestetik Zaintza Sistema Publiko Komunitarioa ardatz, Euskal Herrian, Greba Feminista Orokorra aitzindaria egin da. Bizitzari baldintza duin eta justuetan eusteko apustua egiteko unea da: horrek begirada feminista eskatzen du erakundeetatik bultzatzen ditugun politika guztietan. Diskurtso hutsaletatik, elkarlanerako eta sistema publikoaren defentsarako bideak ezarri eta eraikitzeko garaia da. Gure herrian ere lanketa sakona egin genuen eta bi dimentsiotan ardaztu ziren aldarrikapenak. Alde batetik eremu pribatuan, emakumeek familia eremuan bereziki egindako lan ordaindugabea ikusaraziz eta bestetik feminizatutako eremuetan egindako lan ordaindu prekarioa salatuz.

Argi geratu zen herritar guztien bizitzek ez dutela berdin balio gure herrietan, eta emakumeen gain egoten dela zaintzaren lan karga handiena. Egoera honek hainbat ondorio kaltegarri ditu, besteak beste, emakume migratzaileek pairatzen dituzten egoera soziolaboral onartezinak, edo feminismoetatik izendatutako lanaldi bikoitz edo hirukoitzak. Ondorioz, emakumeek zaintzara bideratzen duten denbora hori guztia ezinbestean kentzen dute lan ordaindutik, militantzia politiko sozialetik, bizitza publikotik, etab. Hau da, boterea zentzu zabalean kendu eta gaitasun politikoak sortzen dituzten alor horietan guztietan egoteko aukera murrizten zaie emakumeei. Honen eraginez, denboraren banaketa desparekoa da eta emakumeek zaintzen ematen duten denbora horretan lan hauetan ardurarik hartzen ez duten gizonek boterea metatzen jarraitzen dute. Ondorioz, emakumeen kalterako den arrakala sozioekonomikoan sakontzen jarraitzen dugu.

Egoera horri erantzuteko, politika publikoek emakumeak boteretzea lortu behar dute. Horretarako ezinbestekoa da Gobernantza Feminista. Gobernantza Feminista eta Gobernu Ona, egiteko moduei egiten denari baino gehiago begiratzean datza. Demokratizazio prozesu bat da, oro har, lehentasunak definitzeko beste begirada bat; jarduteko eta lan egiteko prozeduretan aldaketak egitea. Gobernantza Feministari buruz ari garenean lidergo transformatzaile bati buruz ari gara eta beharrezkoa da ikuspegi feminista txertatzea aurrera eraman nahi dugun prozesu subiranistan. 

Garrantzia eman behar diogu publiko eta komunitarioaren arteko harremanei, elkarrekin sortzen diren bidegurutze berri eta ardura partekatuei. Ezin dugu ahaztu komunitatea ez dela norbanakoen batuketa soil bat, lurralde batean bizi diren eta menderakuntza sistemak sortzen dituzten eta bizi dituzten izaki taldeen multzoa baizik. Komuna kudeatzeko erantzun-kidetasuna behar dugu beraz eta horretarako argi izan behar dugu politika bizitzaren eremu guztietan artikulatzen dela. Ondorioz, zeharlerrotasun erradikal bat martxan jarri behar dugu. Hau da, estruktura estankoak apurtu eta sail ezberdinen artean proiektu konparituak eraiki eta kudeatu behar ditugu. Beharrizan nabarmen eta erronka handi hauen aurrean, gure herriak, dinamika eraldatzaile eta partekatu bat abiatu behar du, erakundeetatik ahalegin eta konpromiso hori aitortuz, proposamenak eta aldarrikapenak jasoz, eta topaketa- eta elkarrizketa-guneak bultzatu eta indartuz.

Horregatik guztiagatik, Oiartzungo Udalak hau erabaki du:

  • Berdintasun Planaren zein Barne Planen bidez, gobernantza ereduaren inguruan lan egitea eta emakumeen boteretzea sustatzeko bideak ezartzen jarraitzea.
  • Genero ikuspegia eta intersekzionala dituen zainketa-eredu bati buruzko gogoeta abiatzea eremu erantzukizun publikoa eta pribatua partekatuz.
  • Mugimendu Feministak bidezko eta berdintasunezko jendartea lortzeko egin duen eta egiten duen ekarpena eta lana aitortzea.
  • Oiartzungo Feministen Asanbladak martxoaren 8rako egin duen deialdia babestea eta herritarrei bertaratzeko deia luzatzea.

Oiartzunen, 2024ko martxoaren 7an.

Gehigarriak

Martxoaren 8aren harira adierazpen instituzionala onartu dute bi udal taldeek