Errenta aitorpena euskaraz egitera animatu du Udalak

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

2023ko errenta aitortzeko epea zabaltzera doan honetan, Oiartzungo, Errenteriako, Lezoko eta Pasaiako Udalek dei egin diete Oarsoaldeko zergadun guztiei errenta aitorpena euskaraz egiteko eta, bidenabar, ogasunarekin harremana euskaraz izatera animatu dituzte herritarrak.

Errenta aitorpena euskaraz egiteko, Gipuzkoako Foru Ogasunetik bidalitako autolikidazio proposamena onartzeko orduan euskaraz egin daiteke. Aitorpena internetez edo modu mekanizatuan ogasunaren bulegoetan aurrez aurre egiten dutenek ere euskaraz egin dezaketela gogorarazi dute, aplikazioan gure hizkuntza hautatuz nahiz langileari adieraziz.

Errenta aitorpena euskaraz egitea urrats bat gehiago da administrazio publikoarekin harremana euskaraz izateko bidean. Urtez urte gero eta gehiago dira errenta aitorpena euskaraz egiten duten Oarsoaldeko zergadunak eta administrazio publikoekin euskaraz egitea erabakitzen duten herritarrak.

Euskaraz egiteak saria du

Oarsoaldeko lau udalek, Oarsoaldeko Euskara Batzordearen bitartez, bi lagunentzako otordu goxo bana zozkatuko dute herri bakoitzean errenta aitorpena euskaraz egiten duten zergadunen artean.

Zozketan parte hartzeko hiru bide izango dira aukeran: whatsapp bidez zabalduko den drive bateko formularioa betetzea, www.oarsoarrak.eus webeko formularioa betetzea edota leku publikoetan jarriko diren boletoak bete eta entregatzea.

Aurten ere egin beraz errenta aitorpena euskaraz! Agian saria ere eskuratu dezakezu eta!

Gehigarriak

Errenta aitorpena euskaraz egitera animatu du Udalak