Arditurrik ‘Turismo Arduratsua’ bereizgarria lortu du

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Azken urteetan Udalak Arditurriko meategian turismo jasangarria eta iraunkorra bultzatzeko egindako lanagatik, Basquetour-Turismoaren Euskal Agentziak ematen duen ‘Turismo Arduratsua’ bereizgarria lortu du.

Turismoaren garapen jasangarri, etiko eta arduratsuaren balioak behatu, sustatu, aplikatu eta aitortzea du helburu zigiluak, erantzukizun sozialak eta ingurumenaren eta ekonomiaren iraunkortasuna eguneroko jardunean txertatzea. Bertan, Turismoaren Mundu Erakundeak garatu zuen Munduko Kode Etikoaren printzipioak egokitzen dira, baita Nazio Batuen 2030 Agendaren Garapen Iraunkorreko helburuak ere; eta euskal berezitasunak eta gure kulturaren berezko elementuak gehitzen dira.

Babestu, kontserbatu eta ezagutarazi

Oiartzungo paisaia eta aberastasun naturala, monumentala eta kulturala babeste, kontserbatu eta ezagutarazteko egindako lanaren aitortza da bereizgarria.

Hainbat irizpide izaten dituzte kontuan horretarako: parke naturaleko baliabideak babesteko antolatzen diren txangoetan eta meategi barruko bisita gidatuetan aforoa zaintzea; bertako kultura zabaltzeko herriko eragile, elkarte eta beste museoekin elkarlanean eskaintza ezberdinak egitea; edota antolatzen diren jarduerak anitzak izatea, besteak beste.

Berdintasuna sustatzeko praktikak

Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzen duten praktikak egitea da ‘Turismo Arduratsua’ bereizgarria lortzeko lantzen den beste konpromisoetako bat. Zentzu honetan Arditurrin Udalak egindako lana ere balioan jarri dute.

Museoak ez dira inolaz ere zerbait neutroa, komunitatean eginkizun aktiboa dute, pentsamendua sortu, memoria kolektiboa garatu eta honen bidez ezagutzen baitugu historia. Oraindik ere ikuspegi androzentrikoa izan ohi dute eta emakumeen ikuspegia ez da agerian jartzen.

Ikusezinari leku egitea ere izan du helburu Arditurrik 15 urte hauetako ibilbidean. Emakumeek meatzaritzan izan duten presentzia eta egindako lana ikusarazi, beraien lana errekonozitzeko eta genero-rol tradizionalen inguruan errotuta dauden estereotipoak eraisteko hainbat ekimen ere antolatu izan ditu Udalak, erakusketak edo mural erraldoiak, esaterako.

Gehigarriak

Arditurrik ‘Turismo Arduratsua’ bereizgarria lortu du