Energia bulegoa ireki dute, faktura eta kontsumoa gutxitzeko aholkuak emateko

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Oarsoaldeko Energia Bulegoak eta Oiartzungo Udalak oiartzuarrentzat energia-aholkularitza zerbitzu integrala berria eskainiko dute apirilaren 15etik aurrera. Astelehenetan jo ahal izango dute herritarrek bulego berri honetara, energiari lotutako edozein kontsulta egin eta informazioa eta aholkularitza jasotzeko. Argitturri, Oiartzungo Energia Berriztagarrien komunitatearen eskariz ireki dute bulego berria.

Informazioa, orientazioa eta laguntza praktikoa emango da energiarekin lotutako gaietan, fakturak interpretatzetik hasi eta energia-eraginkortasunari eta berriztagarriei buruzko aholkularitzaraino. Besteak beste, zerbitzu hauek eskainiko dira bertan:

  • Fakturak ulertzen lagundu.
  • Energia-kontsumoa aztertu eta gutxitzeko aholkuak eman.
  • Energia tarifei eta eskura dauden laguntza ekonomikoei buruzko informazioa eskaini, fakturak  eta energia gastuak murrizteko.
  • Etxebizitzen energia-eraginkortasunari eta berriztagarriei buruzko aholkularitza.
  • Energia alorreko legediaren eta komunitateko ekimenei buruzko eguneratzeak.

Doako aholkularitza pertsonalizatua

Elektrizitate eta gasaren fakturak ulertzeko zailak izaten dira, kontzeptu eta termino tekniko konplexuz josiak, eta horrek zaildu egiten du energia-kontsumoa kontrolatu eta murriztea. Gainera, energia sektorean teknologia eta legedia etengabe berritzen denez, ez da erraza izaten aukera berri guztiak ezagutu eta sortzen diren baliabide eta tresnei etekina ateratzea. Zerbitzu berriarekin gai honen inguruan dagoen ezagutza eta trebetasuna handitzen lagundu nahi dute.

Energia bulegoko teknikariek aholkularitza zuzena emango dute astelehenero, goizeko 9:00etatik arratsaldeko 16:00etara. Mendiburu kaleko 3. zenbakian egongo da kokatuta bulego berria.

Doakoa da eta aurrez hartu behar da hitzordua, astelehenetik ostiralera 943 344 160 telefonora deituta edo energia@oarsoaldea.eus helbide elektronikora idatzita. Zerbitzuaren inguruko informazio gehiago nahi dutenek ere bide horiek erabili ditzakete.

Kontsumoa eta fakturak murrizteko informazio praktikoa

Bulegoa irekitzea urrats garrantzitsua da komunitate informatuago, efizienteago eta jasangarriago bat eraikitzeko. Oarsoaldeko Energia Bulegoko teknikariek, Oarsoaldea Garapen Agentziaren babesarekin, Oiartzungo Udaleko langileekin batera lan egingo dute, zerbitzua modu eraginkorrean emateko.

Oiartzungo Udaletik eta Oarsoaldea garapen Agentziatik oiartzuar guztiak animatu nahi ditugu energia-aholkularitza zerbitzu berri hau erabiltzera, energia-kontsumoari buruzko erabaki informatuagoak hartzeaz gain, ingurumena zaintzeko, etorkizun jasangarriagoa lortzeko eta etxeko ongizatean eta ekonomian laguntzeko tresna izango baita.

Argazkian: Ibon Mitxelena Fernandez, Ekonomia Sozialerako Zinegotzia eta Xabier Sesma Korta, Oarsoaldeako Jasangarritasun Teknikaria

Gehigarriak

Energia bulegoa ireki dute, faktura eta kontsumoa gutxitzeko aholkuak emateko