Txorien soinu-bandaz gozatzen Arditurrin

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Udaberria hastearekin batera, naturaren esnatzea antzematen da ingurunean. Zuhaitzak hosto berriak eta loreak botatzen ari dira; narrastiak ezkutalekuetatik irten eta eguzkiaren berotasun bila hasi dira; txorien soinu-bandaz gozatzeko unerik egokiena da: zozoak martxoan hasi ziren habiak egiten eta haien kantu ederrekin esnatzen gara, enarak iritsi dira gurera Afrikatik, haien populazioak beheranzko joera azaltzen badu ere, txantxangorriak aztoratuta dabiltza norbere lurraldea zaintzen... Baina, inguruan ditugun zenbat txorien kantu ezagutzen ditugu? Ba al dakigu zergatik egiten duten kantuan? Arrek eta emeek berdin egiten al dute?...

Naturarekin harremanetan jartzea, plazera izateaz gain, osasungarria ere bada eta txorien mundura hurbiltzea esku-eskura daukagun aukera da. Gainera, haien ezagueran sakontzeak ingurunea zaintzearen garrantziaz sentiberatzen lagunduko digu, besteak beste.

Larunbatean hitzordua Arditurrin

Apirilaren 13an, larunbata, txori-kantuak ezagutzeko saioa antolatu dute Arditurri parketxean. Mikel Olano basozaina izango da saioaren gidaria. Inguruetatik ibilaldi erraz bat egingo dute eta Olanoren laguntzarekin, txorien espezie ugari identifikatuko dituzte, bakoitzaren bizimoduari buruzko bitxikeriak azaltzen dituen bitartean. Aurrez, parketxean eskainitako solasaldian txorien munduko oinarrizko azalpenak eta haien kantuak identifikatzeko ariketa xumeak egingo dituzte.

Mikel Olano, Euskal Herriko punta-puntako aditua da; daukan ezaguera-maila harrigarriari, komunikatzeko gaitasun aparta erantsi behar zaio. Ornitologian askotariko proiektuetan hartu du parte, besteak beste, pasa den urrian aurkeztu zen Euskadiko hegazti ugaltzaileen lehen atlas modernoan.

Hitzordua goizeko 10:00etan izango da, aurrez izena eman behar da eta 6€-ko prezioa du (4€ 12 urtetik beherakoentzat).

Apirilean zehar ekintza gehiago

Udaberria txori artean hegan programaren lehen saioa izango da hau. Apirilaren 4tik 30era Ramón Urainen Euskal Herriko hegazti habiagileen akuarelen erakusketa bisita daiteke Arditurrin. Apirilaren 20an txori-kantuen inguruko beste saioa izango da Donostiako Ametzagaña parkean; apirilaren 27an “Okilak, gure basoetako arotzak” saioa Aitor Lekuona adituaren eskutik Arditurrin eta maiatzaren 12an sai arreen behaketa antolatu dute teleskopioekin, leku berean. Adin eta ezaguera-maila guztientzat aproposak direnez, ez galdu aukera eta erreserbatu lekua.

Informazio gehiago jasotzeko eta izena emateko: 943 49 50 69 / 688 89 50 68 / arditurri@gipuzkoanatura.eus

Gehigarriak

Txorien soinu-bandaz gozatzen Arditurrin