Donibane Lohizuneko erailketa matxista salatu du Oiartzungo Udalak

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Euskal Herriak izandako azken hilketa matxista gaitzetsi du Oiartzungo Udalak. Ostiralean Donibane Lohizunen aurkitu zuten hilda 33 urteko emakumezkoa. 2003tik Euskal Herrian hil duten 119. emakumea da, 2024ko lehenengoa.

Oiartzungo Udalak, hilketa matxista gogor gaitzesteaz gain, gizarte parekide baten alde lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi du.

Era berean, Udalak bat egin du Oiartzungo Feministen Asanbladak bihar (maiatzak 7) hilketa matxista hau salatzeko egingo duen elkarretaratzearekin (Done Eztebe plazan, 18:30ean) eta herritarrak ere gonbidatu ditu euren gaitzespena adieraztera.

Indarkeria matxista salatzeko puntu morea jarrita dago udaletxeko balkoian.

Gaur, adierazpen askatasunaren alde

Yakovlev 42 Oiartzungo musika taldeko kideek Donostiako auzitegian deklaratu behar izan dute gaur ikertu gisa, gorroto delitua egotziz guardia zibilak jarritako salaketagatik. Hori dela eta, taldeari babesa adierazi eta adierazpen askatasunaren aurkako eraso hau salatzeko gaur arratsaldeko elkarretaratzearekin ere bat egin du Oiartzungo Udalak. 18:30ean Done Eztebe plazan izango dira udal ordezkariak ere, eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete.

Apirilaren 24ko udal osoko bilkuran ere Yakovlev 42 taldeari elkartasuna adierazteko mozioa onartu zuten bi udal taldeek aho batez, eta erakunde publikoetatik artisten adierazpen askatasuna babestu eta zaintzeko konpromisoa berretsi zuten, “demokrazia osasuntsu baten mesedetan, kultura eta artea iritziak eta ideiak plazaratzeko tresna baliotsuak” baitira.

Gehigarriak

Donibane Lohizuneko erailketa matxista salatu du Oiartzungo Udalak