Aiako Harriko natura-parkearen eguna ospatuko da maiatzaren 26an, Oielekun

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

69 kilometro koadroko azalera du Aiako Harriko natura-parkeak. Gure natur eta kultur ondarearen arteko lotura banaezinaren erakusleiho paregabea da, kultur paisaia garbi-garbia. Izan ere, natura-parkeko gaurko paisaia hiru giza jarduerek itxuratu dute nagusiki: abeltzaintzak, basolanak eta meatzaritzak. Aiako Harriko gaurko ekosistemak, neurri handi batean, hiru jardun horiek moldatutakoak dira, altxor preziatuenetariko bat diren mendiko larreak edota zuhaitz lepatuak lekuko –askok uste ez bezala– ez direlako berezkoak, betidanikoak, gizakiak sortutakoak baizik.

Natur ondarearen babesleku eta gordeleku ez ezik, Aiako Harriko natura-parkea aisia-leku ezinbestekoa ere bada oiartzuar eta gipuzkoar askorentzat egun. Asko dira ingurumenaz eta ikusmiraz gozatzera Bianditz edo Erlaitz aldera joaten diren herritarrak.

Aiako Harriko jarduerak eta aukerak ezagutzera emateko eguna

Aiako Harriko natura-parkearen garrantzia aitortzeko, hau da, gipuzkoarrei bertako landaretzak, faunak, abeltzaintza jarduerak eta aisia aukerek egiten dieten ekarpena goresteko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdea departamentuko Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendaritza nagusiak, lehenbizikoz, «Aiako Harriko natura-parkearen eguna» antolatu du maiatzaren 26an (igandez). Horretarako, Oiartzungo Udalaren ezinbesteko lankidetza izango du, baita Etorlur sozietate publikoarena ere.

Asmoa ez da natura-parkera jende andana eraman eta hiritar kutsuko ekitaldia antolatzea, hain gutxi mendian erromeria antolatzea, natura-parkeko ondarea ezagutzera ematea eta hartaz gozatzeko era asko daudela iradokitzea baizik.

Ospakizunaren data ez da halabeharrezkoa. Batetik, artzainak mendiko larreetan dauden sasoia lehenetsi da. Bestetik, Europa mailako maiatzeko bi ospakizun aintzat hartu dira eguna zehazterakoan: 21ean Natura 2000 eguna eta, handik gutxira, 24an, Europako natura-parkeen eguna ospatzen dira Batasun osoan.

Ospakizuna gauzatzeko, esanguratsua, ederra, irisgarria eta bertan artaldea dagoen gunea aukeratu da: Oieleku.

Goiz osoko egitaraua

11:00etan, Oielekura ailegatutakoan han izango den artaldea bertatik bertara ikusteko eta sentitzeko parada izango dute eta aditu batek natura-parkean betetzen duen eginkizuna azalduko die, baita nola zaintzen eta ustiatzen den ere.

Ondoren, basozain batek Basabizin, Aldundiak Gipuzkoako basa-fauna berreskuratzeko Urnietan duen zentroan, artatutako eta sendatutako hegazti bat askatuko du. Aurretik, basozainak Basabiziren funtzionamenduaz eta askatuko den hegaztiaren nondik norakoari buruzko argitasunak emango ditu.

Segidan palankarien erakustaldia izango da. Burdinazko barra bat ahalik eta urrutiena jaurtitzean datzan jokoa, behinola Euskal Herrian oso zabaldua zegoen kirola da. Artzainek biziki atsegin zuten. Horren lekuko, gure mendietan bada oraindik Palankaleku izeneko tokia.

Hori bukatutakoan musikaren txanda izango da. Hain zuzen, Et Incarnatus talde entzutetsuko soka lauko-boskote batek «Zelta aireak» emanaldia eskainiko du Migel Zeberioren zuzendaritzapean.

Azkenik, saioa burutzeko, gazta dastaketa (eta salmenta) izango da. Edalontzia norberak eraman behar du etxetik. Ondoren, parte-hartzaileak etorritako bide beretik oinez itzuliko dira abiapuntura ingurumen-hezitzailearen eskutik.

Aparkalekuetatik oinez joateko ibilaldi gidatuak

Taldean (Gipuzkoako Parketxe Sareko ingurumen-hezitzaile baten gidaritzapean) bertaratu nahi duten parte-hartzaileak Uzpurun eta Kausoron elkartuko dira eta joateko 45 minutuko bidea egingo dute oinez. Horrenbestez, komeni da mendian ibiltzen ohituta egotea eta ura nahiz oinetako aproposak eramatea. Ume txikiekin joan nahi dutenentzat ez da bereziki egokia (10 urtetik gorakoentzat). Bestalde, ezingo da txakurrik eraman.

Egun horretan ezingo da (baimenik gabe) Ibanarrietako aparkalekura autoz gerturatu eta Uzpuru nahiz Kausoroko guneetan toki gutxi izango da, oso. Aldundiak doako autobusa jarriko du Beasaindik, Tolosatik eta Oiartzundik Kausororaino. Zerbitzu hori erabiltzeko ezinbestekoa izango da izena ematea (arditurri@gipuzkoanatura.eus / 943494248 / 688895068).

Hauek dira abiatzeko hitzorduak: goizeko hamarrak laurden gutxitan Uzpurun eta hamarretan Kausoron. Oiartzundik bertatik oinez joan nahi dutenentzat irteera ordua goizeko bederatziak izango dira eta elkartzeko gunea Karrika auzoko Artaso pilotalekua.

Zerbitzu hori erabili nahi dutenentzat, honatx autobusen ordutegiak: Goierritik datozenentzat, autobusa goizeko 8:30ean irtengo da Beasaingo tren geltokitik eta 9:00etan Tolosan (Igerondo kaleko 1 zkiko. geltokian, Napar zubiaren parean) geldialdia egingo du. Oiartzundik Kausorora autobusez igo nahi dutenentzat, Altzibarko errotondatik (Pitusatik) aterako da 9:15ean.

Ospakizuna ordu bata eta erdiak aldera bukatuko da. Kontuan izanik Oielekutik haraino 45 minutuko bidea dagoela oinez, etxera joateko autobusak ordu biak eta erdietan aterako dira Kausorotik.

Hiru eta erdiak ondo jota izango dira arratsaldean autobusa Beasainera heltzen denerako.

Gehigarriak

Aiako Harriko natura-parkearen eguna ospatuko da maiatzaren 26an, Oielekun