LGBTI fobiaren aurkako egunaren bueltan antolatutako ekimenekin bat egin dute EH Bilduko eta EAJko zinegotziek

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

1990eko maiatzaren 17an, Munduko Osasun Erakundeak (MOE) homosexualitatea ezabatu zuen buruko gaixotasunen zerrendatik. Ordutik, LGBTI+ pertsonen kontrako gorroto eta indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna da maiatzaren 17a, eta gaurko dataren harira adierazpen instituzionala adostu dute Oiartzungo Udaleko bi talde politikoek.

Lege-aldaketak eta aurrerapauso sozialak ugari izan diren arren, oraindik diskriminazioari, estigmatizazioari eta indarkeria egoerei aurre egin behar dieten LGBTI+ pertsona “asko eta asko” direla salatu dute.  “Euskal jendarteari bide luzea geratzen zaio oraindik egiazko berdintasun eraginkorra lortzeko”. Azken urteetan LGBTI+fobia kasuen salaketak areagotu egin direla nabarmendu dute, eta honen guztiaren aurrean, antolatzea eta borrokatzea “ezinbestekoa” dugula. “Instituzioetatik politika publiko integral eta sendoak, ikuspegi feministan oinarritutako zerbitzuak, babes kolektiborako eta autodefentsarako mekanismoak garatzeko bideak ezartzea ezinbestekoa da. Puntualak diren politikak alde batera utzi eta estrukturalak diren horiek erdigunean jartzeko unea da”.

LGBTI+ pertsonen bizitzak egunerokotasunean bizigarriak izateko lanean eta borrokan ari diren kide eta kolektibo guztiak aitortu, eta maiatzaren 17aren bueltan antolatu diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeko dei egiten dute.

Hemen adierazpen instituzionala:

STOP LGBTI+ FOBIA!

1990eko maiatzaren 17an, Munduko Osasun Erakundeak (MOE) homosexualitatea ezabatu zuen buruko gaixotasunen zerrendatik. Gertaera hori mugarri historikotzat jo dezakegu orain, eta urrats garrantzitsua izan da sexu, genero eta identitate aniztasuna onartzen hasteko. Ordutik, beraz, maiatzaren 17a da LGBTI+ pertsonen (lesbianak, gayak, bisexualak, transak eta intersexualak) kontra zuzendutako gorroto eta indarkeria mota guztien aurkako Nazioarteko Eguna.

1990. urtetik gaur arte aurrerapauso ugari eman dira legeen bidez herritar guztien berdintasuna bermatzeko, norbanako bakoitzaren sexua, generoa eta identitatea edozein direla ere. Gure lurraldean lege garrantzitsuak egin eta onartu dira herritar guztien eskubideak berdinak izan daitezen bermatzeko eta LGBTI+ pertsonak gainerako guztiekin parekatzeko. Jendarteak ere egin du aurrera zentzu horretan, eta gero eta espazio gehiago ditugu sexu, genero eta identitatea askatasun osoz bizitzeko aukera eskaintzen digutenak.

Lege-aldaketak eta aurrerapauso sozialak ugari izan diren arren, LGBTI+ pertsona asko eta asko dira oraindik diskriminazioari, estigmatizazioari eta indarkeria egoerei aurre egin behar dietenak. Euskal jendarteari bide luzea geratzen zaio oraindik egiazko berdintasun eraginkorra lortzeko. Gure zoritxarrerako, aurreiritziek, uste ustelek, estereotipoek, gaitzespenak eta gorrotoak bizirik diraute oraindik hainbat sektore sozialetan.

LGBTI+ pertsona asko dira oraindik ikusezintasunaren mende bizi direnak eta beren sexua, generoa edo identitatea ezkutatzeko beharra ikusten dutenak (batez ere lesbianak, transexualak, adinekoak edo desgaituak badira). Gure herrietako espazio publikoetan ematen ari den LGBTI+fobia salaketen gorakadak agerian uzten du oraindik ez garela iritsi sexu-, genero- eta identitate-aniztasuna berdintasun egoeran eta diskriminaziorik gabe bizitzeko eta adierazteko askatasun-egoerara.

LGBTI+fobiaren kontrako borroka da pertsona guztientzat berdintasun printzipioa, duintasuna eta Giza Eskubideak defendatzea. Aniztasuna da gure aberastasunik handienetako bat, eta LGBTI+ pertsonen aurkako diskriminazio eta indarkeriaren kontra egitea aurrerapausoa da jendarte bidezkoagoa, errespetuan eta berdintasunean oinarrituagoa eta inklusiboagoa eraikitzeko bidean. Azken urteetan LGBTI+fobia kasuen salaketak areagotu egin dira, eta hau, batez ere, LGBTI+ mugimenduak egindako kontzientziazio eta salaketa lanari esker izan da. Honen guztiaren aurrean, antolatzea eta borrokatzea ezinbestekoa dugu. Instituzioetatik politika publiko integral eta sendoak, ikuspegi feministan oinarritutako zerbitzuak, babes kolektiborako eta autodefentsarako mekanismoak garatzeko bideak ezartzea ezinbestekoa da. Puntualak diren politikak alde batera utzi eta estrukturalak diren horiek erdigunean jartzeko unea da.

Bukatzeko, dei egiten dugu maiatzaren 17aren bueltan antolatu diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeko, eta LGBTI+ pertsonen bizitzak egunerokotasunean bizigarriak izateko lanean eta borrokan ari diren kide eta kolektibo guztiak aitortu nahi ditugu, harrotzeko moduko mugimendua osatzen dugulako.

Gure bizitzek balio dutelako, stop LGBTI+fobia!

Gehigarriak

LGBTI fobiaren aurkako egunaren bueltan antolatutako ekimenekin bat egin dute EH Bilduko eta EAJko zinegotziek