Iparralde Hiribideko obrek trafiko aldaketak eragingo dituzte aste honetan

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

GI-2134 errepidea berritzeko lanak hasi zituen Gipuzkoako Foru Aldundiak maiatza hasieran, Arraguatik Elizaldera arteko tartea eraberritzeko. Martxa onean doa proiektua eta Elizaldeko zatia atontzen hasiko dira aste honetan.

Tarterik konplikatuena da, konponketa sakona behar duen tokia izateaz gain, erabilera handiko hainbat bidegurutze baitaude bertan. Horregatik, aste honetan lanek hainbat afekzio eragingo dituztela iragarri dute obra arduradunek.

Landetxeko bidegurutzea, itxita

Astearte goizetik ostegun gauera bitarte Landetxeko bidegurutzea itxi egin beharko dute, zoladura azpiko kapak konpontzeko. Gurutzetik Arraguarako bidea zabalik egongo da (errail bakarra egongo da irekita eta semaforoekin bideratuko da autoen martxa). Iparralde Hiribidea irekita egongo den arren, ezingo da bertatik Rafael Pikabea hiribidera pasa. Hau da, Landetxeko bidegurutzean ezingo da Ugaldetxora jaisteko bidea hartu.

Landetxeko aparkalekura sarrera ere baldintzatuko dute lan hauek, eta Rafael Pikabea Hiribidetik izango da sarrera-irteera bakarra.

Autobus geltokietan aldaketak

Landetxeko bidegurutzea ixteak eragina izango du Xorrolaren eta Lurraldebusaren ibilbidean. Xorrolaren ohiko jarduna ez da asko aldatuko: Yon Oñatibiatik ezingo denez Arragua aldera joan, Xorrolaren plazako geltokia tokiz aldatuko dute eta Done Eztebe plazan egingo du geldialdia. Hortik, Donibane kaletik joango da Iparralde Hiribidera. Ordutegian ez da aldaketarik izango.

Eragina handiagoa izango da Lurraldebuseko lineetan. Asteartetik ostegunera (biak barne), E02 eta E04 autobusak Arraguatik Elizaldera joango dira zuzenean (larunbat gauetako E72 zerbitzuak egiten duen moduan). Mendinen eta Yon Oñatibia etorbideko 13. zenbakian ere geldituko da Lurraldebusa.

Rafael Pikabea kaleko geltokietan (Matteo, Isasti, Pikabene eta Pikabea 25) ez da geldituko eta kale honetako erabiltzaileek geltoki hauek erabili beharko dituzte: Ugaldetxo (Intxixu parekoa), Iparralde Etorbidea (biblioteka ondokoa), Mendin edo Yon Oñatibia 13. Talaiako geralekua ere ezabatuko da eta Mamut, Ariztegi edo Matteo geltokietara doazen bidaiariak autobusa Donostiarantz itzultzen denean jaitsi ahal izango dira.

Iparralde Hiribidean aparkatzeko aukerarik ez

Obra lanak egiteko, Iparralde Hiribideko aparkalekuak kendu beharko dituzte astelehen goizetik aurrera, bide osoaren zoladura berrituko baitute. 8:00etarako Landetxetik Ollarriarreraino dauden aparkalekuak hutsik egon beharko dute.

Gehigarriak

Iparralde Hiribideko obrek trafiko aldaketak eragingo dituzte aste honetan