Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí
El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus
Hamalau urte pasa dira Oiartzunen gaikako bilketa martxan jarriz geroztik. Ordutik, ahalik eta hondakin gutxien sortu eta sortutako gehiena birziklatzeko hobekuntza eta neurri ezberdinak martxan jarri ditu Udalak, herritarrekin eta eragileekin elkarlanean.
Auzoetako eta herriko festak ere badira garapen honen adierazgarri. Edalontzi eta material berrerabilgarriak, hondakinak gaika txukun biltzeko guneak eta beste hainbat neurri ohikoak bihurtu dira oiartzuarren topaketetan.
Pauso berria emango dute aurten eta festetan sortzen den hondakin kopuruaren inguruko sentsibilizazio kanpaina jarriko dute martxan. Atez ateko bulegoko koordinatzaileek adierazi dutenez, herritarrek sortzen ditugun hondakinen kontzientzia gehiago hartzeko eta jaietan bazterrak txukun mantentzeko abiatu dute. “Hondakinak denok sortzen ditugu eta denon ardura dira. Denoi dagokigu inguruko berdegune, parke eta espazioak txukun mantentzea; zabor-ontziak gainezka badaude gure hondakina lurrean ez uztea edota botata utzitakoa biltzen laguntzea”.
Festa batzordeetako kideak izango ditu konplize kanpaina honetarako. Bilketa lanetarako beharrezko material guztia eskura jarriko die Udalak, eta taldeko hainbat lagun arduratuko dira bilketa lanekin hasteaz eta gainontzeko herritarrak xaxatzeaz. “Asmoa da antolakuntzakoak hondakinak biltzen dabiltzala ikustean, festara hurbildu diren pertsonak beraien hondakinaz arduratzea eta ondorioz, ingurua txukun mantentzea”. Udalak ematen duen garbiketa zerbitzuaz gain, herritarron parte-hartzea ezinbesteko da hondakin gutxiago sortu eta sortutakoa egoki biltzeko. “Guztion elkarlanari esker lortu nahi dute herria txukun mantentzea”.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika