Eraso matxisten kasuetarako arreta gunea indartuko dute aurtengo xanistebanetan

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Berdintasunean, guztiontzat gozagarriak eta indarkeria matxistarik gabeko xanistebanak lortzea da Oiartzungo Udalaren helburu nagusia, eta horretarako iaz martxan jarritako arreta eta informazio zerbitzua indartuko du festetan. Ordutegi zabalagoa izango du aurten, prebentzioa landu eta kasurik egongo balitz biktimei behar duten laguntza guztia emateko.

Gauetan ez ezik, egunez ere eskainiko du informazioa eta laguntza. Ia 24 orduz egongo da zabalik arreta gunea. Tokia ere aldatu dute eta Fermiñene eraikinean egongo da aurten, plaza erdian, zerbitzuari zentralitatea emateko.

Bi zerbitzu emango dira: Batetik, informazio orokorra feminismoari buruz, LGTBIQ+ eskubideen inguruan, sexualitateaz, autodefentsa feministaz… Bestetik herritar guztiei informazioa eskainiko zaie, horretarako esku orri eta baliabide ezberdinak izango dituzte banatzeko. Edozein zalantza dutenei argibideak eman, erasotuak entzun, babestu eta dituzten beharren arabera gomendioak eta orientazioa eskainiko dituzte Fermiñenen.

Indarkeria matxistetan eta feminismoan adituak diren emakumezko profesionalek emango dute zerbitzua, guztiz konfidentziala izango da eta uneoro errespetatuko da erasotuaren borondatea.

Ordutegi zabalagoa

Gauetan 23:00etatik 06:00etara egongo da irekita. Goiz eta arratsaldetan ere ia etengabe egongo da zabalik: abuztuak 2, 5 eta 6an 8:00etatik 14:30era eta 18:00etatik 21:00etara; eta abuztuak 3 eta 4an (asteburuan) 12:00etatik 14:30era eta 18:00etatik 21:00etara.

Txosnaguneko komunetan berrikuntzak

Madalensoro inguruan jarriko dituzten komunak izango dira aurtengo xanistebanetako beste berrikuntza bat. Jende asko ibiltzen da gauetan txosnetan, eta komunen erabilera erraztu nahi izan du Udalak, festa espazio eroso eta garbia eskainiz eta kaleak txukun mantentzeko.

Ohikoak diren komun eramangarriez gain, 6 metro modulu sanitario berria jarriko dute aurten. 6 banakako komun, 3 gernu-zutabe eta 3 konketa izango ditu. Papera eta xaboiaz izateaz gain, argiztatuta egongo da. Langile batek gainbegiratuko du bertako garbiketa eta erabilera egokia, horrela higienea, segurtasuna eta erosotasuna hobetuz. Arratsalde eta gauetan egongo da zabalik.

Xorrola, 24 orduz bueltaka

Gaueko Xorrola zerbitzu berezia eskainiko du aurten ere Udalak, ibilgailu gutxiago erabili, alkohola kontsumitu dutenek autoa ez hartu eta etxera bidean denon  segurtasuna hobetzeko.

270 herritarrek erabili zuten iaz gaueko Xorrola etxera itzultzeko, eta abuztuaren 3tik 7ra zortzi auzoak lotuko ditu autobusak orduro, 00:00etatik 06:00etara. Biblioteka ondoko autobus geltokitik atera eta herriko plazatik urrutien dauden auzoetara joango da lehenbizi:

  • Elizalde (irteera): biblioteka ondoko geltokia
  • Gurutze: Bizardia plazako autobus geltokia
  • Ergoien: Tornola kaleko autobus geltokia
  • Altzibar: Zokoloko zubia
  • Karrika: plazako autobus geltokia
  • Iturriotz: Beko soro pareko autobus geltokia
  • Ibarre: gasolindegiko geltokia
  • Elizalde: Pikabeneko geltokia
  • Ugaldetxo: Intxixu pareko autobus geltokia
  • Arragua: Lartzabal etxadiko geltokia
  • Mendin: frontoi gaineko geltokia

Eguneko Xorrolak ere ordutegi zabalgoa izango du xanistebanetan. 07:10ean egingo du lehen itzulia eta 22:40an azkena (Arraguako ordutegia). Taxibus zerbitzua zabalduko da eta egunero egongo da, ohiko ordutegian (larunbat eta igandean ere zerbitzuak astean zehar izaten duen ordutegia izango du).

Zenbait geltokitan aldaketak

Festengatik herriguneko zenbait kaletan trafikoa moztuta egongo denez, geltokietan ere aldaketa egongo dira. Xanistebanetan ohikoak diren moldaketak egingo dituzte: Manuel Lekuona etorbideko (anbulatorioa) eta Yon Oñatibiako geltokiak, Rafael Pikabea eta Landetxera (aparkaleku sarrera parera) pasako dira.

Argazkian, Garazi Urdampilleta alkateordea eta Nora Velez del Burgo feminismo zinegotzia, Fermiñene etxearen aurrean.

Gehigarriak

Eraso matxisten kasuetarako arreta gunea indartuko dute aurtengo xanistebanetan