Erraldoiei ikusgarritasuna eman eta dantzan jarri dituen taldea omendu dute

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Lartaun Txistulari Taldearen doinuekin eman diote hasiera herriko festak iragartzeko Kultur Ekitaldiari. Hamarnaka lagun bildu dira aurten ere xanistebanetako ekitaldiei hasiera ematen dien hitzorduan.

Garazi Urdampilleta alkate orde eta kultura zinegotziak egin die agurra bertaratutakoei. Pasa den ikasturtea ere urte “bizia” izan dela esan du, eta bizitasun horren adierazle jarri ditu Landetxen eta herriko kaleetan eragileek eta Udalak programatutako ehundaka ekintza eta bertan izandako milaka ikusleak. “Datozen urteetan ere martxa horri eutsi nahi genioke, ekintza horiek ezinbestekoak direlako herria bizirik eta komunitatea indartsu mantentzeko”. Orain artekoari eusteaz gain, kulturzale berriak sortu eta euskara eta euskal kultura burujabetzaren lanketan kokatzeko erronka azpimarratu du. “Euskaldun egiten gaituena euskara eta euskal kultura dira, eta hortaz, gogoetatu beharko dugu nola eutsiko diogun gure hizkuntzari eta gure kulturari, kulturartekotasuna nagusi den garai hauetan”. Horretarako, elkarlanean hausnartzen jarraitzeko eta bide berriak urratzeko deia egin du.

2024ko kultur saria, erraldoiak dantzatzen ibili den zortzikotearentzat

Oiartzungo Joxepa, Antton, Esteban eta Kattalin erraldoiei ikusgarritasuna eman eta dantzan jarri dituen zortzikotea omendu nahi izan du aurten Udalak, urte hauetan guztietan haur eta gaztetxoen artean erraldoiekiko zaletasuna piztu eta hazia ereiteagatik. Urdampilletak nabarmendu duenez, “azken hamarkada luzean herriko lau erraldoiak jantzi, atondu, zaindu eta dantzatzeaz arduratu zarete. Eskerrik asko Oiartzungo erraldoiak plazaz plaza ibiltzeagatik, doinu alaietan dantzan jartzeagatik eta herritar guztiei erraldoien magia ekartzeagatik”.

Iñaki Arbelaitz, Ane Gil, Asier Legorburu, Aritz Olaziregi, Andoni Vieira, Agustin Vital, Lorena Zalakain eta Vanesa Ziaurritzek osatutako taldeak jaso du saria. Zortzikotearen izenean Vanesa Ziaurritz eta Agustin Vitalek hartu dute hitza. Azken hamar urteetan ondoan izan dituen konpartsakideei eskerrak eman dizkie Ziaurritzek, erraldoiekin jotzeko aukera emateagatik. Euskal herrian gaita edo dultzaina jotzen duten emakume gutxi direla gogorarazi du, “eta askoz gutxiago erraldoiekin jotzen”. Lau emakumek jotzen dute Oiartzungoan, eta erraldoien konpartsari eskerrak eman dizkie, “emakume musikarien lana ikusarazteagatik, konpartsa parekidea osatzeagatik eta jaietan emakumeon parte-hartze aktiboa ahalbideratzeagatik”.

Vitalek Udalari eskerrak eman dizkie jasotako omenaldiagatik, eta urte hauetan guztietan taldetik pasa diren dantzari, musikari eta buruhandiak eraman dituzten gazteak izan ditu gogoan. “10 urte hauetan lan-talde hau auzolanean aritu da eta ahalik eta hoberen egiten saiatu gara”. Taldeak zikloa itsiko duela eta aurrerantzean beste talde batek hartuko duela erraldoien ardura iragarri du. Udalari azken eskaera bat ere luzatu dio, “erraldoien etxetxoa egitea oso polita litzateke, herriko umeek urte osoan erraldoiak ikusi ahal izateko”.

Xanistebanetako kartel lehiaketako irabazleei sariak emateaz gain, Oiartzun 2024 urtekaria ere aurkeztu dute kultur ekitaldian. Olarriko dantzariak Yon Oñatibiak sortutako ohorezko kontrapasa dantzatu eta protagonistekin ateratako talde argazkiarekin bukatu dute hitzordua.