Xanistebanetan giro ona eta alaitasuna nagusi

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Xanistebanetan jai giro sanoa izan da nagusi eta parte hartzea handia izan da jai batzordeak antolatutako ekintza guztietan. Egunez zein gauez jende asko ibili da eta goraipatzekoa da ekitaldi guztietan izan den antolakuntza eta koordinazio lan ona.  

Eraso matxistei dagokienez ez da inzidentziarik jaso eta, alde horretatik, oso pozgarria da Xanistebanak genero eta jatorri guztietako pertsonentzat jai atseginak izan direla pentsatzea. Eragile ezberdinekin izandako elkarlanari esker, jaietan tratu ona eta poza izan dira nagusi eta ez da beharrezkoa izan herriko zenbait eragileren eta udalaren artean adostutako protokolorik martxan jartzea. 

Bestetik, aurten ere udalak neurriak hartu ditu garraio publikoa sustatzeko. Ohi denez, Xorrolaren gaueko zerbitzua eskaini da eta, ostiral gauean ibili zen jendetza ikusita, larunbat gauerako ez ohiko Ekialdebus zerbitzu gehigarriak antolatu ziren. Zentzu horretan eskertzekoa da Foru Aldundiak eta autobus enpresak erakutsi zuten prestutasuna.

Azkenik, hondakinen inguruan aipagarria da, baso erabilgarriei esker, asko gutxitu dela zaborra eta, bestalde, ekitaldi eta txosnetako antolatzaileek kristalezko botilarik ez zerbitzatzeak ere lagundu duela hondakin arriskutsu gutxiago egoten. Bestalde, komunen zerbitzua hobetzeko aurten txosnagunean komun gehiago eta erosoagoak jarri ditu udalak eta erabilera txukuna izan dute, nahiz oraindik komunen zerbitzua hobetzeko neurri gehiago hartu beharko direla aurreikusten duen udalak, besteak beste, garbitasunari begira.

Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiegu festa hauetan lanean ibili diren udal langileei eta, bereziki, ekintza guztiak txukun antolatu eta posible egin dituzten herriko eragile eta boluntario guzti-guztiei. Gora Xanistebanak!

Gehigarriak

Xanistebanetan giro ona eta alaitasuna nagusi