Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí
El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus
Martxoan jarri zuen martxan Udalak emakumeak ahaldundu eta babesteko doako aholkularitza juridikoa. Zerbitzu berria arrakastatsua izan da, eta hilabete hauetan eskaini diren hitzordu guztiak bete dira. 20 emakumek erabili dute, egoera ezberdinen inguruko orientabide juridiko pertsonalizatua izateko. Jaso duten zerbitzuaren balorazio oso positiboa egin dute denek.
Gai eta esparru anitzak jorratu dituzte hitzorduetan: familia zuzenbidea (izateko bikotea edo ezkontzaren inguruko informazioa, gurasotasuna, banantzeak, hitzarmen arautzaileak); pentsioak; lan esparrua (lan kontratuak, jazarpen egoerak); indarkeria matxista (salaketa jartzeko zalantzen inguruan laguntza, emakumeen edo umeen eskubideen inguruko informazioa, egoera hauetan seme-alaben inguruan dituzten kezkak); edo atzerritartasun legea (nazionalitatea ateratzeko, banaketa prozesuei lotuta), besteak beste. Zaintzaile bat kontratatu behar izanez gero zer eta nola egin behar den jakiteko, edo zaintza lanetan aritzen direnek euren eskubideen inguruan galdetzeko ere bertara jo dezakete. Berriki izan diren lege aldaketen aurrean informazio eguneratua izan dezaten.
Datozen hilabeteetarako txandak hartzeko aukera, irekita
Prebentzio neurri bezala eta emakumeek erabakiak modu kontzientean hartzeko eskaintzen du Udalak doako aholkularitza juridikoa: aurrez informazioa eskaini, aukera ezberdinak ezagutu, aztertu eta orientabidea eta babesa emateko. Zerbitzu konfidentziala da eta feminismo gaietan adituak diren abokatu profesionalek ematen dute. Aurrez aurreko hitzorduak izaten dira, ordu betekoak, Altzibarko eskola zaharretako beheko solairuan (Agerrealde 7).
Dagoeneko hasi dira udazkeneko txandak ematen. Astelehen arratsaldetan izango dira aurrerantzean, hilean behin, 16:00etatik 19:00etara.
Hitzordua telefonoz hartu behar da, Udalaren Gizarte Zerbitzuetako zenbakira deituta (943 49 05 52).
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika