Bazen behin liburutegi bat

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Oiartzungo herritarrek behar duten liburutegi eredua modu kolektiboan birpentsatu eta diseinatzeko prozesua jarriko dute martxan Udalak eta Ku-ku Haur eta Gazte Literatur Ekimenak. ‘Bazen behin liburutegi bat’ deitu diote gogoeta eta eraldaketa ekimenari.

Oiartzungo liburutegi imajinatua eraikitzeko herri prozesua diseinatu dute. Egungo liburutegiaren funtzio, zerbitzu eta espazioak ikuspegi komunitarioago batetik formulatu nahi dituzte; biblioteka eragile komunitario eta azpiegitura sozial gisa ulertu eta askotariko herritarren beharretara eta prozesu sozial eta kulturalen zerbitzura egongo den egitasmoa izateko.

Parte hartzeko bide ezberdinak

10 hilabeteko lanketa partehartzailea egingo dute, irailetik ekainera. Metodologia eta parte hartzeko bideak askotarikoak eta egoera eta kolektibo bakoitzari egokituak izango dira. Horretarako, elkarrizketa sakonak, espezifikoak, informalak, taldekoak, bakarkakoak nahiz galdetegi ezberdinak baliatuko dira.

Hilabete bakoitzean, sektore, eragile edo kolektibo zehatz batzuengana zuzenduko dira, ziurtatzeko herriko aniztasuna ordezkatzeko adina ahots eta ikuspegi biltzen dituztela. Bereziki erdigunean kokatu nahi dituzte kolektibo zaurgarrienak, liburutegiaren erabiltzaile potentzialak direnak, eta prozesuko ohiko deialdietan bestela parte hartuko ez luketenak, izan hizkuntzagatik, ordutegiagatik edota halako markoen ezaugarriengatik.

Adarretako eztabaida horiez gain, hiru hilabetean behin, eztabaida enborrak izango diren herri eztabaidak egingo dira liburutegian, orokorragoak izango direnak eta liburutegiaren nahiz prozesuaren gaineko ikuspegi zabal bat eskainiko dutenak.

Prozesuaren aurkezpena, ostiralean

Prozesua koordinatzeko talde motore bat osatu dute udalak, Ku-ku eragileak, Juntura arkitektoen kooperatibak eta Aise prozesuen fazilitaziorako kooperatibak. Talde motorearekin, lehen geruza izeneko markoa arituko da, prozesuaren kalitatea eta ordezkaritza zabala bermatu eta sektore edo eragilekako eztabaiden eta galdeketen artikulazio eta dinamizazio lana egiteko.

Gogoeta eta eraldaketa prozesuaren aurkezpen publikoa irailaren 20an egingo dute, 19:00etan Arizmendieneako lorategian.

Gehigarriak

Bazen behin liburutegi bat