Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí
El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus
Aste honetan ekin diote herriko ikastetxeek euskara eta kulturartekotasuna sustatzeko programari. Bi helburu nagusi ditu: batetik, ikastetxeetan euskara izatea komunikazio-hizkuntza, orain arte bezala, eta, bestetik, euskaraz ez dakiten jatorri atzerritarreko herrikideei tresnak ematea, ulermena errazteko eta haien parte-hartzea bultzatzeko.
Ikastetxeek sustatuko dute euskara izatea hezkuntza-komunitateari kohesioa ematen dion hizkuntza, komunitatea batzen duena, eta, programa honen bidez, bide berriak bilatuko dituzte euskaraz ulertzen ez dutenak komunitatera hurbiltzeko, parte aktiboa izan daitezen.
UEMAren proposamenetik abiatuta martxan jartzen ari den egitasmo hau aniztasuna eta kulturartekotasuna lantzeko martxan dauden eta jarriko diren beste hainbat egitasmorekin batera kokatzen ditu Udalak. Hala nola, etorriberriei egiten zaizkien Harrera Saioak, ikastetxeetan haur eta gazteei ematen zaizkien errefortzu eskolak, uda honetan lehen aldiz osatu den Uda Plazan gazte etorriberrientzako aisialdi eskaintza, heldu etorriberriak euskarara gerturatzeko AISA ikastaroak eta sortuko diren beste hainbat.
Aldaketa demografikoari erantzunez
Herri euskaldunetako biztanlerian aldaketa demografiko handiak gertatzen ari dira azken urteotan, eta horrek eragin zuzena du ikastetxeetan. Erronka nagusi bati erantzun behar diote: nola indartu euskararen erabilera eta presentzia hezkuntza-komunitatean, betiere euskaraz ez dakiten familiekiko komunikazioa bermatuz eta kulturarteko harremanak eraikiz.
Erronkari erantzuteko, lehen proba pilotua abiatu zuen UEMAk Zaldibian, 2021-2022 ikasturtean Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatearen (HUHEZI) laguntzarekin. Ondoren, UEMAko hainbat herritan martxan jarri da egitasmoa eta oso emaitza onak ari da ematen.
Oiartzungo Udalak eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak sustatuta, Urmendi haur eskolak, Elizalde Herri Eskolak, Elizalde Institutuak eta Haurtzaro Ikastolak hilabete batzuk daramatzate egitasmo hau gure herrian nola abiatu aztertzen. Ikastetxe bakoitzak duen errealitatearen baitan aplikatuko dute UEMAk proposatu duen metodologia 2024-2025 ikasturtean bertan hasita.
Abiapuntua hezkuntza-komunitatea bada ere, aurrera begira, herrira zabalduko dira egiteko modu berriak.
Programaren gakoak
Hauek dira programaren gako nagusiak:
Talde eragileak
Ikastetxeek 2024-2025 ikasturtean ekingo diote programari; baina apiriletik ari dira bilerak egiten, prozesua antolatzeko. 15 lagun baina gehiago aritu dira bileretan programa bideratzeko eta hor ordezkatuta daude ikastetxeetako irakasle eta gurasoak, UEMA eta Udala.
Ikastetxe bakoitzean talde eragile bana sortu da, orain arte hitz egindakoak zehatzago nola aplikatuko diren erabaki eta ekintzak bideratzeko. Bilera horietan aztertuko dituzte ikastetxeetan hizkuntzari lotuta sortzen diren zalantzak: oharrak nola idatzi, familia-elkartearen komunikazioetan edo Whatsapp/Telegram taldeetan nola jokatu, bilerak nola egin…
Urmendi haur eskolak, Elizalde Herri Eskolak eta Elizalde Institutuak UEMAk orain arte beste herrietan aplikatu duen moduan jarriko dute martxan egitasmoa. Haurtzaro ikastolak, arlo honetan lehendik hainbat urrats eman dituenez, UEMAren proposamenarekin bat egin eta egokitzapena egingo du ikasturtean zehar.
Herri mailan, ikastetxe guztiak elkartuko dituen gunea ere elkartuko da jarraipena egiteko helburuarekin.
Irakasleen klaustroen bilerak
Ikastetxeetako irakasleei programa azaltzeko bilerak hasiak dira. Bi formazio saio jasoko dituzte irakasleek: lehena marko teorikoaz jabetzeko eta bigarrena tresnak zein bilera formatuak lantzeko.
Gurasoekin lehen bilera orokorrak
Ikastetxeetako gurasoei programa azaltzeko bilerak izango dira datozen egunotan:
Saio hauetan aldi bereko itzulpena egongo da. Itzulpena jaso nahi dutenek Telegram aplikazioa instalatu beharko dute mugikorrean eta aurikularrak eraman.
Argazkian, ikastetxeetako guraso eta langileek, udaleko eta UEMAko ordezkariekin batera osatu duten Talde Eragilea, Arizmendienean egindako bileran.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika