Oiartzungo Klima eta Energia Planari hasierako onarpena eman diote

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Mamitsua izan zen ikasturte berriko lehen udal osoko bilkura, bi plan estrategiko eta zerga ordenantza berria behin-behinean onartu baitzituzten hautetsiek.

Bi taldeen adostasunarekin atera ziren aurrera bi plan estrategikoak. Lehenengoak, Oiartzungo Klima eta Energia planak, Oiartzungo trantsizio ekologikoa hauspotzea du helburu. Energia-eraginkortasuna sustatu; berotegi-efektuko gasak arindu; etxebizitza, ekonomia-jarduera, mugikortasuna eta lehen sektore eta elikaduran energia-aurreztu, autokontsumorako energia berriztagarrien erabilera bultzatu eta udal ekipamenduen energia-eraginkortasuna eta aurrezpena bilatu nahi ditu. Energia-trantsizioan eredugarri izan nahi du Udalak, eta bide honetan Oiartzungo sektore ezberdinen bidelagun izan.

Udalean Euskararen Erabilera Normalizatzeko plana da onartu zuten bigarrena. 2023-2027 eperako egin dute eta zazpigarren plangintzaldia izango da. 1990ean osatu zuen lehenengoa, eta ordutik bide garrantzitsua egin da Udalaren funtzionamendua euskaraz izan dadin, horretarako Udalean euskararen erabilera indartuz eta areagotuz, bai zerbitzu-hizkuntza bai lan-hizkuntza gisa. Datozen lau urteetarako helburu eta ekintza berriak jaso dituzte.

EH Bildu eta EAJ-PNVko zinegotzien aldeko botoarekin atera ziren aurrera bi planak behin-behinean eta alegazioak jasotzeko epea ireki dute orain.

Kohesio sozialerako zerga ordenantza berria

2025. urterako zerga ordenantza berritua ere onartu zuten EH Bilduko hautetsien babesarekin. Orohar, KPIa igoko dena baino gutxiago igoko dituzte udal zergak eta tasak aurten ere; %2. Hobariak eta salbuespenak ere egongo dira. Lanketa berezia egin dute aurten zerga ordenantza berria osatzeko eta Aztiker enpresari herriko ikerketa sozioekonomikoa egiteko eskatu diote. Oihana Irastorza Ogasun Zinegotziak azaldu zuenez, Oiartzungo errealitate sozioekonomikoa oinarri hartuta, Udalarentzat estrategikoak diren helburuak lortzeko egokitu dute ordenantza: herrian kohesio soziala indartzeko eta errenta baxueneko bizikidetza unitateak laguntzeko; trantsizio ekosoziala bultzatzeko eta etxebizitza hutsak merkaturatzeko. Orian arte zeuden neurri eta hobariak indartu eta berriak proposatu dituzte.

Bestalde, hondakinen tasa hilean 4 € igotzea onartu dute, gainontzeko herriek bezala, hondakin eta lurzoru kutsatuari buruzko Europako legedi berrira egokitu behar baitu Oiartzungo Udalak. Araudi berriak zehazten du herriek hondakinen kudeaketa zerbitzuei lotutako tasa sistema ez-defizitario bat garatu beharko dutela, eta beraz, hondakinen tasek erabat estali behar dituztela hondakin horien kudeaketa gastuak. Dena den, hondakin tasa bajuenak dituzten udalerrien artean egoten jarraituko du Oiartzunek.

EAJ-PNVko zinegotziak abstenitu egin ziren, Janire Mitxelena bozeramaileak azaldu zuenez, ordenantza berriaren “zati batzuekin ados” egon arren, hondakinen tasa “modu progresiboan” igo beharko litzatekeelako. Tasa honen ordainketan familia zaurgarriak babesteko neurriak faltan bota zituela salatu zuen hautetsi jeltzaleak. Diru-sarrera gutxi dituzten bizikidetza unitateak hondakin eta uraren tasak ez dituztela ordaindu behar gogorarazi zion Ogasun zinegotziak, eta aurten 100 familia inguruk ez zaizkiela tasa hauek kobratu. Gobernu taldetik egoera zaurgarrian dauden herritarrak babesteko konpromisoa berretsi zuen.

Protokolo gastuak 140 € izan ziren abuztuan eta 404,82 € irailean, lore, garaikur eta luntxetan.

Gehigarriak

Oiartzungo Klima eta Energia Planari hasierako onarpena eman diote