Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí
El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus
Altxa Burua Oiartzun taldea sortu dute haur eta gazteek mugikorraz egiten duten erabileraz arduratuta dauden hamarnaka guraso oiartzuarrek. Lehenengo mugikorra 16 urterekin izatea gomendatzen dute adituek, baina gaur egun, haur zein nerabeek askoz ere lehenago eskuratzen dute bat. Non dauden jakiteko, zerbait gertatzen bada etxera deitu ahal izateko, lagunek dagoeneko badutelako edo beste hainbat arrazoi tarteko, geroz eta ohikoagoa da 12, 10 edo 8 urteko haurrak kalean eta ikastetxeetan mugikorrarekin ikustea.
Inguruko zenbait herritan abiatu duten lanketa oinarri hartuta, teknologiaren erabilera egokia bultzatu nahi du Altxa Burua Oiartzunek. Haur eta gazteei interneterako sarrera duten gailuak ematea atzeratzea, ikastetxeak telefono mugikorrik gabeko arnasgune bihurtzea edota helduak eta seme-alabak erabilera egokian trebatzea lortu nahi dute, besteak beste.
Udaleko eta herriko komertzioetako telefonoak erabiltzeko aukera
Mugikorra goizegi erosteko arrazoiak aldatu nahi ditu Altxa Burua taldeak, eta Udalarekin eta herriko merkatariekin batera martxan jarri duten lehen ekimena aurkeztu zuten joan den ostiralean. Herriko hainbat komertzio, taberna eta udal eraikinetako telefonoak haur eta gazteen eskura jarri dituzte, behar dutenean eta azalpenik eman gabe erabili ditzaten. “Guria ibilli posible zu” leloa duen pegatina berde batekin identifikatu daitezke toki hauek. 200 baino gehiago dira dagoeneko, eta telefono sarea zabaltzeko lanean jarraitzen dute.
Helduei eskaera ere luzatu diete antolatzaileek: inguruan dituzten haur eta gazteei pegatina honen berri emateko. “Animatu, lotsarik gabe, behar duten unean pegatina ikusten duten komertzioetan telefonoa eskatzera. Deitzeko aukera bermatuta, mugikorra erosteko arrazoi bat gutxiago izango dugu”.
Gaiaren inguruan zalantzaren bat duten herritarrek edo ekimenean parte hartu nahi duten establezimenduek oiartzun@altxaburua.eus helbidera idatzi dezakete.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika