Burujabetzak jardunaldien lehen egunean, herri eskalan jarri da fokoa

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Udalbiltza eta Oiartzungo Udalaren harreraren ondotik, Oiartzungo esperientzia ezagutzeko aukera izan zen atzo goizean. Hitzartzean parte hartu zuten Ibon Mitxelenak, Oiartzungo udaleko Burujabetza gaien zinegotziak, eta Joana Iñiguezek, Alternatiben Oi(h)artzuna herri plataformako kideak.

“Herrigintzako egitasmo eta ekimen askotan parte hartzen dugun herritarrak bildu ginen 2016an. Ikusita krisi sozioekonomikoa genuela aurrean, frogatu nahi genuen gauzak beste modu batean egin daitezkeela”, azaldu zuen Iñiguezek. “Hasierako urteetan bertako ekoizleei eman zitzaien garrantzia, eta Euskal Herri mailan burujabetzarekin lotura zuten esperientzia ezberdinak ezagutzeko aukera izan genuen. Orain 2024an erronka anbiziosoagoa daukagu, Udalak ere erronka moduan hartu duelako, eta Oiartzun Burujabe sortu dugu”.

Ibon Mitxelenak zehaztu zuen aurretik datorren mugimendua dela burujabetzen aldekoa. “Ur sistema publiko bat daukagu, Arraztalo kontsumorako talde bat, kultur sorkuntza propio bat… Bigarren bolada batean Elika, Labore... etorri ziren. Ideologikoki eta burujabetzan oso markatua zeukaten bide bat eta, guztian sakontzen jarraitzeko, Udalean beharrezko ikusten genuen burujabetza zinegotzi bat”.

Izan ere, 2023an udal gobernu berria eratu zenean, Oiartzungo Udalak burujabetza gaietarako zinegotzi izendatu zuen Mitxelena. “2025erako, ekintza plana eta aurrekontua zehaztu dira eta hurrengo urteko aurrekontuetan txertatuko ditugu”.

Despoblazioari aurre egiteko, herri kooperatibak

Herri, auzo edo eskualde mailan gauzatzen ari diren burujabetza esperientziak ezagutzeko aukera izan zen ondoren, batez ere, herri txiki askotako despopulazioari aurre egiteko alternatiba moduan. Herriak badirelako erresistentzia espazio eta alternatibak sortzeko aukera. Euskal Herrian, esaterako, herritarren %83 lurraldearen %15ean bizi da eta horrek desoreka handiak eragiten ditu.

Olatukoopeko Leire Udabek Euskal Herriko eremu batez ere despopulatuetan lantzen ari diren Herri kooperatiben eredua azaldu zuen, Piriniotan edo Lizarraldean, esaterako. “Euskal Herri burujabe bat nahi dugu baina, batez ere, helburua bizitza burujabetza da, denon bizitzak hobetzea eta ez gutxi batzuena”. Eta prozesu horietan, lanaren burujabetza ere erdigunean jartzearen garrantzia nabarmendu zuen.

Batez ere, lau erronka aipatu zituen: jabetza kolektibo eta komunitarioa, erreleboa -“merkataritza eta ostalaritza txikia hiltzen ari da, famili eredua amaitu eta kolektiboari garrantzia eman behar zaio”-, hezkuntza prestakuntza eta sareak eta interkooperazioa, ezagutzak ahalik eta ondoen saretzea, errepligakarritasunari begira.

Eta zehaztu zuen, ez duela zertan kooperatiba forma juridikoa izan beharrik, “balioak zabaldu nahi ditugu, herri onurarako tresna izan behar du. Udalgintza berri bat ari da zabaltzen, baina oraindik ibilbide luzea dago egiteko. Herri kooperatibak trantsiziorako eredu bat izan daitezke”.

Aragoiko Ixambre kooperatiba

Aragoiko Artieda herriko esperientzia ezagutzeko aukera izan zen ondoren. 100 biztanlera iristen ez den herrixka da, Yesako urtegiak mehatxatua. Azken urteetan, bertako udalarekin batera, herri kooperatiba bat jarri dute martxan eta, besteak beste, populazioaren etengabeko beherakadari buelta ematea lortu dute eta goranzko joeran jarri dute, 2019tik 2024ra bitartean. “Udalak prozesu bat bultzatu zuen, herritik bertatik despopulazioari aurre egin ahal izateko, burujabetza eta autogestioan oinarrituta. Gure esku dauden soluzio burujabeak bilatzen ditugu, eta herritik kudeatzen ditugu”, azaldu zuten.

Etxebizitzan, zaintzan, telekomunikazioetan, kultura eta sozializazioan, lanean eta etxebizitzan ari dira momentuz proiektuetan sakontzen. Etxebizitza pribatuen nahiz publikoen alokairuak sustatu dituzte; etorkizun ertainean zaintza beharrak izango dituen belaunaldiarekin lanketa bat egiten ari dira… Telekomunikazioen arloan, internet sare komunitario bat sortu dute, herritar talde batek kudeatzen duena. Lanari dagokionean, berriz, irabazi asmorik gabeko kooperatiba sortu dute eta bertan sortzen dien soberakinak herriko proiektuetan inbertitzen dituzte.

Esperientzietara bisitak

Goiza ixteko, parte-hartzaileek Oiartzungo esperientzia ezberdinak ezagutzeko aukera izan zuten. Ur sistema publikoa ezagutu zuten batetik, eta elikadura burujabetzan lanean dabiltzan Elika, Labore eta Arraztalo, bestetik.

Gaur eta bihar, jarraipena

Gobernu arkitektura berriak eta parte-hartzearen auzia izango dute eztabaidagai gaur goizeko saioan. Udalgintza burujabea zer den eta nola garatu dezakegun ere landuko dute, Julen Mendoza eta Xabier Lertxundirekin. Arratsaldean, aldiz, Udalgintzatik estatugintzarako jauziaz arituko dira, Mireia Vehí CUP-eko parlamentari ohiarekin eta Bertie Sussel, Bartzelonako unibertsitateko irakaslearekin.

Oiartzungo Burujabetzen eguna ospatuko dute bihar. 12:00etan Oiartzun Burujaberen aurkezpena egingo dute. Mahai sektorialetan egindakoa azaldu eta aurrera begirako erronkak finkatuko dituzte. Herri bazkariaren ondoren, kontzertuak izango dira Doneztebe plazan eta Landetxen.

Gehigarriak

Burujabetzak jardunaldien lehen egunean, herri eskalan jarri da fokoa