Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí
El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus
Aho batez onartu zituzten urriko udalbatzarrean landutako gai guztiak. 2025etik 2027ra indarrean egongo den Dirulaguntzen Plan Estrategikoa adostu zuten. Herri berdinzalea, bizia, jasangarria eta euskalduna izateko egitasmoak laguntzeko bidea izango da, oiartzuarren eta eragileen parte-hartzea sustatzeko tresna. Ekintza eta proiektu ezberdinak diruz laguntzeko urtero 2.100.000 eurotik gora banatzea aurreikusi dute, udal aurrekontuaren %10 baino gehiago. Dirulaguntza lerro hauekin herriko eragileek borondatezko lanean oinarrituta egiten duten lana babestea du helburu udalak. Sail bakoitzari ematen dion garrantziaz haratago, diru-banaketak zerikusi zuzena du arlo bakoitzean dauden elkarte eta eragileen ekimenak. Zenbat eta eragile gehiago egon, handiagoa izan ohi da diru-partida.
10 helburu estrategikotan banatu dituzte dirulaguntza lerro ezberdinak: garapen ekonomiko jasangarria eta enpleguaren sustapena (63.000 €); hezkuntza parekidean berrikuntza hauspotzea (458.700 €); euskararen erabilera eta ezagutza indartzea (312.600 €); kultur-ekitaldiak antolatu eta herriko ondarea berreskuratzea (620.800 €); ingurumena zaindu eta lehen sektorea sendotzea (104.000 €); oiartzuar guztien ongizatea bermatzea (388.500 €); gazteen aisialdirako ekintzak bultzatzen dituzten herriko eragileentzat laguntza (6.000 €), sail honetan, dirulaguntzen lerrotik aparte, udalak beregain hartzen ditu ludoteka, udalekuak eta gazte topalekua; herritar aktiboak eta osasuntsuak hazi eta kirolaren bitartez oiartzuarren ongizatea bermatzea (152.300 €); ikuspegi feminista bultzatzen duten herriko eragileen ekintzak laguntzea (7.000 €); eta bizikidetza sustatu eta Oiartzunen egon diren giza eskubideen urraketa ikertzea (15.000 €).
Udalak emango dituen dirulaguntzak jaso dituzte dokumentuan, lehia bidezkoak zein zuzenekoak. Gardentasuna eta objektibitatea bermatzeko onartu dute plana, diru publikoaren banaketan berdintasuna bermatzeko. Deialdi bakoitzean zehaztu eta argitaratuko dira parte hartzeko oinarriak eta laguntza jasotzeko irizpideak. Egitasmo eta ekintza ezberdinek izaten dituzten gastuak ordaintzeko emango dituzte dirulaguntzak.
Plana jendaurrean jarriko dute, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta udalaren web orrian, nahi duenak aztertu edo alegazioak aurkeztu ahal izateko (30 eguneko epea egongo da horretarako).
Bi dirulaguntza berri
Neurri handi batean, 2025-2027 dirulaguntzen plan estrategiakoa aurrekoaren jarraipena da. Berrikuntzen artean nabarmentzekoak dira Argitturri energia komunitateari zuzendutako 25.000 euroak eta herriko merkataritza txikia sustatzeko asmoz sortutako 35.000 euroko partida berria.
Plana jendaurrean jarriko dute, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta udalaren web orrian, nahi duenak aztertu edo alegazioak aurkeztu ahal izateko (30 eguneko epea egongo da horretarako).
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika