Abian da Geuretik Sortuak egitasmoaren hirugarren edizioa

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Geuretik Sortuak kultur beka ari da bidea egiten, eta hirugarren edizioa abiatzear du: azaroaren 25era bitarte dute idazle, komikigile, antzerkigile eta zinegileek deialdi berrian izena emateko epea.

Udalbiltzak 2021ean jarri zuen abian Geuretik Sortuak egitasmoa. Geure herriaren kontakizuna geuretik kontatzeko beharrari erantzuteko sortu zen, euskaratik eta euskaraz egindako sorkuntza bultzatzeko helburuz, eta hala izaten jarraitzen du lau urteren eta bi edizioren ostean ere. Oiartzungo Udalak ere bat egin zuen egitasmoarekin eta proiektua gauzatu ahal izateko ekarpen ekonomikoa egiteaz gain, sortzaileei haien lanak gauzatu ahal izateko egonaldiko egoitza eskaintzen die deialdiro.

Sortzaileak eta udalerriak harremanetan jarri, eta elkarlan horretatik eratorritako istorioak bultzatzeaz gain, hedapena ere bermatzen du kultur bekak, zirkuitu nazionalaren bidez. Bi urteko beka da: lehenengoa, sormenerako, eta bigarrena, hedapenerako. Hirugarren edizio honek 2025 eta 2026 urteak hartuko ditu.

Berrikuntza antzerkigintzan

Hiru disziplinatara zuzendu zen lehen edizioa: literatura, antzerkigintza eta zinemagintzara. Bigarrenean komikigintza gehitu zen. 26 sortzaile izan ziren hautatuak lehen edizioan, eta 22 bigarrenean.

Aurtengoan, lau alor horiei eutsiko die proiektuak, eta zenbait berrikuntza ere izango dira, antzerkigintzan batez ere: gutxienez, antzerkigile edo konpainia hasiberri bat hautatuko da. Hasiberritzat hartuko da aurretik ibilbide profesionalik izan ez duen pertsona edo konpainia. Izan ere, antzerkigile hasiberrientzako plazak falta dira, eta Geuretik Sortuak beka oso tranpolin ona izan liteke Euskal Herriko plazetara salto egiteko. Aukera polita bada ere, erronka handia ere bada antzezlan bat sortu eta bira oso bat antolatzea, eta lan horretarako, bidelagun profesional bat izango dute hautatutako pertsona edo konpainia hasiberriek. Gainera, antzerkigile profesionalentzako beka handiagoa izango da.

Gainerako alorretan, antzekoak izango dira oinarriak. Deialdia, xehetasunak eta izena emateko prozedura Udalbiltzako webguneko “Geuretik Sortuak” atalean dago ikusgai.

Gehigarriak

Abian da Geuretik Sortuak egitasmoaren hirugarren edizioa