Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí
El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus
Hautazkoa ez den bakardade egoeran dauden Oiartzungo helduen bizi kalitatea hobetzeko Zaintzadi proiektu publiko-komunitarioa jarri zuen abian Udalak 2022an. Zaintzaren gaia landu eta eredu berriak sortzea zen helburua.
Adinekoen bakardadeaz hitz egiten dugunean, familiarik gabeko pertsonak datozkigu burura. Gizarteak zaintzarekiko ardura familian jartzen du ia beti. Adineko pertsona gehienen sostengu sarea familia izaten da, baina horrek ez du bakardadea ekiditen. Bi urte hauetan Zaintzadik egin duen lanketak eta ezagutu dituen oiartzuarren bizipenek ere berretsi dute familia izate hutsak ez duela zertan bakarrik ez sentitzea eragin.
Zaintzaren sozializazioa familiara bakarrik ez mugatzea beharrezkoa da. Hautazkoa ez den bakardadea arazo soziala den heinean, komunitateak izan beharko luke zaintzarekiko zer esana. Izan ere, komunitateak eskaintzen duen pertenentzia sentipena ordezkaezina da. Garrantzitsua da bakoitzak ardura beregain hartu eta zaintza erdigunera eramatea; bizilagunari nola dagoen galdetu, zerbait gerturatzea behar duen galdetu, hizketaldi bat izan... Denok izan beharko genuke zaintzarekiko sentsibilizazioa eta begirada aktiboa, guztion beharra eta ardura delako.
Bizitza komunitarioan parte hartzeko espazio eta ekintza berriak
Hori izan da Zaintzadik bi urte hauetan egin duen lan nagusia: zaintzaren garrantzia sozializatu eta zaintza komunitariorako espazioak sortu. Herriko beste eragileekin elkarlanean hainbat ekintza komunitario jarri ditu martxan. Zaintzaren begirada presente dagoen espazioak dira, konfiantzazkoa den eta elkar laguntzeko prestutasuna dagoen inguruak. Harreman berriak erein eta sareak sortzea bilatu nahi dute horrela.
Bizitza komunitarioan parte hartzea, baliabide egokiak izatea edota osasun egoera onean egotea bezain garrantzitsua da bizi kalitate ona izateko. Bide horretan jarri dituzte martxan hainbat ekimen: ariketa mentaleko tailerra HELTArekin, bi hilean behin zaintzaren gaia lantzen duten pelikulak proiektatu Zineforumean, erritmo lasaian paseoak emateko Ttipi-Ttapa talde berria Petra Lekuonarekin elkarlanean, hilean behin kafe tertuliak Landetxeko egongelan Gazte Izanak Jubilatuen elkartearekin batera, hitzaldiak, tailerrak…
Hurrengo erronka: auzoak
Espazio hauek indartzen eta herritarrek bertan parte-hartzea sustatzen jarraituko dute. Elkar ezagutzeko gune berriak ere jarri nahi dituzte martxan. Elizalden ez ezik, auzoetan ere Zaintzadi ezagutzera eman eta elkar zaintzeko ekimenak ere proposatzen hasi nahi dute, herri kohesioa eta ongizatea oinarri duen komunitatea eraikitzeko.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika