20.398.752 euroko aurrekontua izango du Udalak 2025ean

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

20,4 milioi euroko aurrekontua izango du Udalak 2025ean. Atzoko udalbatzarrean onartu zuten, EH Bilduko ordezkarien aldeko botoekin (EAJ-PNVkoak abstenitu egin ziren).

Legealdiko bigarren urtea izanik, ildo estrategikoetan sakontzeko urte gisa definitu dute heldu den urtea. Oihana Irastorza Ogasun zinegotziak aurrekontuaren “izaera soziala eta hezitzailea” azpimarratu zuen. “Oiartzuar denen bizitzak hobetzeko helburuarekin osatu dugu 2025eko udal aurrekontua. Horren adierazgarri da Gizarte-ongizate sailera bideratuko dugun kopuru ekonomikoa; 2.324.000 €, aurrekontu osoaren %11,4”.

Komunitatea indartu eta herritarrekin elkarlana sendotzeko proiektuak jaso dituzte. Horrez gain, “mundu mailako krisi egoerei erantzungo dieten ekintzak martxan jartzeko tresna izango da aurrekontu hau, klima aldaketari eta krisi demografiko eta ekonomikoari aurre egiteko hainbat egitasmo aurreikusi baititugu”.

Helburu estrategiko hauek jaso dituzte 2025eko aurrekontuan:

  • Energia trantsizioa eta mugikortasun jasangarria. 2024. urtean energia eta mugikortasun planak onartu zituen udalak aho batez. Herri jasangarria eta burujabea izateko hamarnaka ekintza eta inbertsio aurreikusi ziren, eta horietako asko jarriko dituzte martxan 2025ean. Aurrekontu osoaren %8 bideratuko da ingurumen eta mugikortasun sailera, 1.574.429 €. 
  • Osasuna eta ongizatea ardatz duen herria. Ongizate sailetik bideratzen diren ohiko zerbitzuei bi berri gehitu zaizkie: kale egoeran dauden herritarrentzako gune berriaren sorrera eta hotzaren aurkako neguko plana. Horrez gain, urtean zehar gazteen ongizaterako programa propio bat martxan jartzea ere mahai gainean dago. Azkenik, herriko eragileekin elkarlanean, 2022an abiatu zen zaintzaren inguruko diagnostiko eta lanketarekin ere jarraituko da eta kulturartekotasuna lantzeko proiektu berri bat martxan jarriko da.
  • Herri kulturzalea: Herri bizia eta kultur zalea da Oiartzun. Honen atzean herritarren eta elkarte ezberdinen partehartzea dago, eta baita udalaren babesa ere. Aurrekontuaren %7 (1.450.854 €) herriko kultura sustatzera bideratuko da.
  • Oiartzun euskalduna. Kulturartekotasuna eta etorkin berriak euskarara hurbiltzea da gaur egun euskalgintzaren erronka handia. Euskarak politika ausartak eta berritzaileak behar ditu eta, zentzu horretan, Udalak haur etorri berriekin lanketa bereziak egitea aurreikusten du horretarako beharrezko finantzazioa bermatuz. 583.330 € bideratuko dituzte euskara sailera, iaz baino %8 gehiago.
  • Kirol eta elkargunerako instalazioetan inbertsioak. 2024ean bezala, 2025ean ere kirol instalazioetan inbertsioak egitea aurreikusten da. Hain zuzen ere, 2024ean Ugaldetxoko futbol zelaia berritzeko lan inportanteak egin baziren, 2025ean Altzibarreko gune estali berria egingo da. Gune hori aisialdirako izango da eta auzotarren erabilera anitzeko gunea izatea aurreikusten da.
  • Ekonomia bizia: Merkataritza txikiak bizirik mantentzen ditu herriko kaleak. Horregatik, apustu sendoa egin du Udalak 2025eko aurrekontuetan gaur egun itxita dauden lokal komertzialetan jarduera berriak hastea sustatzeko. Orain arte bezala Itturri merkatarien elkartea diruz laguntzeaz gain, 35.000 €ko dirulaguntza lerro berri bat aurreikusi dute aurrekontuetan komertzio txiki berriak hauspotzeko.
  • Herritarrengandik hurbil dagoen administrazioa: Herritarrentzako harrera gune berria udaberrian jarriko da martxan.

Proiektu zehatz berriak

Helburu estrategiko hauek lortzeko, dagoeneko martxan dauden hainbat egitasmo mantentzeaz gain, beste berri batzuk ere aurreikusi dituzte:

  • Altzibarko gune estalia: 700.000 €
  • Eskualdean bazterkeria arriskuan dauden pertsonei bideratutako zentroa: 96.300 €
  • Elkarlanean antolatzen diren kultur ekintzetarako: 85.000 €
  • Elizalde eskolako eraikinean inbertsioa: 81.300 €
  • Herri bideak konpondu: 80.000 €
  • Kiroldegiko egokitzapena energia aurrezteko: 50.000 €
  • Merkatari txikiei laguntzeko dirulaguntza lerro berria: 35.000 €
  • Energia trantsiziorako proiektua: 20.000 €
  • Zuntzaren zabalpena: 12.000 €
  • Bizikleta sarea: 10.000 €
  • Kultur aniztasuna lantzeko proiektua: 10.000 €
  • Energia berriztagarrien instalazioak: 10.000 €

Gehigarriak

20.398.752 euroko aurrekontua izango du Udalak 2025ean