2025eko tasetan hobariak eskatu daitezke, otsailaren 28a bitarte

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

2025ean oiartzuarrek ordainduko dituzten zerga eta tasen egutegia etxez etxe banatzen dabil Udala, tributu ezberdinen kitapena zein epetan egin behar den jakiteko. Udalak eskaintzen dituen zerbitzuen %50 finantzatzen da herritarrek ordaintzen dituzten zerga eta petxekin.

Azken urteetan fiskalitate justuagoa lortzeko hartutako neurriak proposamen berriekin indartu ditu aurten Udalak, egoera ekonomiko zaurgarrian dauden herritarrak laguntzeko. Besteak beste, diru-sarrera gutxi duten familiek ez dute hondakinen eta ur eta estolderiaren tasa ordaindu beharko. Lau baldintza bete behar dituzte salbuetsita egoteko: Oiartzunen erroldatuta egotea; zehaztutako diru-sarrera kopurua (bizikidetza unitateko pertsona kopuruaren eta Langile Arteko Gutxieneko Soldataren arabera jarri dituzte mugak) eta ondare maila ez gainditzea; bigarren etxebizitzarik ez izatea eta Udalarekin zorrik ez izatea edo ordainketa plana onartuta eta egunean edukitzea.

100 familia oiartzuar egoera zaurgarrian

Udalaren enkarguz egindako ikerketak erakusten duenez, Oiartzunen 3.975 familia daude (kide bakarreko familiak barne) eta horietatik 100 familia daude bereziki egoera zaurgarrian. 50 etxetan adingabe bat edo gehiago bizi da eta 13.500 eurotik beherako errenta dute, eta beste 50 etxetan bi adingabe edo gehiago dituzte eta 13.501- 26.000 euro arteko errenta.  

Egoera zein den ikusita, Joana Mendiburu Oiartzungo alkatearen hitzetan “udal gobernuaren nahia da Oiartzun herri justua eta kohesionatua izatea eta, horretarako, ezinbestekoa da egoera zaurgarrienei erreparatzea, eta hobarien bitartez ahal dugun laguntza guztiak eskaintzea.”

Olaia Lasa Ongizate zinegotziaren hitzetan bestalde, “udalak aspalditik aplikatzen ditu hobari sistemak eta horri esker, azken urteetan 94 familia egon dira uraren eta hondakinen tasetatik salbuetsita”.

Eskaerak, otsailaren 28a bitarte

Urtarrilaren 2an zabaldu zuten hobari hau eskatzeko epea eta otsailaren 28a bitarte egongo da irekita. Eskaerak udaleko arreta bulegoan edo egoitza elektronikoaren bitartez egin daitezke. Informazio guztia eta diru-sarrera eta ondare mugak Udalaren webguneko iragarki taulan kontsultatu daitezke.

Lehen hilabete honetan 65 salbuespen eskaera jaso dira dagoeneko. 94 bizikidetza unitatek jaso zuten iaz hobaria. Aurten ere baldintzak betetzen badituzte eskaera berriz aurkeztu behar dutela gogorarazi du Udalak.

Gehigarriak

2025eko tasetan hobariak eskatu daitezke, otsailaren 28a bitarte