Karla Lekuona futbol zelaia, garai eta behar berrietarako prest

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Karla Lekuona udal futbol zelaia eraberritzeko proiektua bukatu du Udalak. Etxe berria izango du aurrerantzean Oiartzun Kirol Elkarteak. Herriko 500 gazte ateratzen dira futbol zelaira asteroko entrenamendu eta partidetan zelaira eta erabiltzaileen aspaldiko eskaerari erantzunez, kirol-instalazioa hobetu nahi izan du Udalak, belarra artifiziala izanik maizago erabili ahal izateko eta jokalarien segurtasuna hobetzeko.

Berrikuntza integrala

Egindako inbertsioa ez da belar artifiziala jartzera mugatu; ureztatze sistema, argiteria osoa eta sarrera ere berritu dira. Horrela, besteak beste, ilundutakoan ere entrenamenduak eta partidak bertan jokatzeko aukera egongo da aurrerantzean. Mantenu lana nabarmen gutxituko da gainera. Iaz aldagelak ere eraberritu zituen Udalak, eta beraz, kirol gunea guztiz itxuraldatu du.

Egindako lanak gainbegiratu dituzte Joana Mendiburu alkateak eta Edorta Fernandez Kirol zinegotziak. Zelaia berritzea ez ezik, Udalarentzat Ugaldetxoko inguru hori biziberritzea estrategikoa izan dela nabarmendu du alkateak. “Bertara iristeko oinezko bide zabala egin dugu, autobusak aparkatzeko gunea atondu dugu eta garrantzia berezia eman diogu instalazioaren itxituraren akaberari, inguru polita eta atsegina sortzeko”.

Otsailaren 16an irekiko da

50 urte bete ditu aurten OKEk eta urteurren borobila ezin hobeto ospatuko dute zelai berriarekin. Dagoeneko bertan entrenatzen hasi diren arren, otsailaren 16an izango da inaugurazio ofiziala eta lehen futbol partidua.

Kirol elkarteak, hain garrantzitsuak diren baloreak transmititzeko lan “nekaezina” egin duela azpimarratu du Fernandezek. “Errespetua, talde lana, konpromisoa, umiltasuna, kirola egitearen garrantzia… guretzat ezinbestekoak diren baloreak helarazi dizkie OKEk urte hauetan guztietan herriko milaka gazteri”. Garai eta behar berriei egokitutako instalazio aproposak izango ditu aurrerantzean, mende erdiz egindako bideari jarraipena emateko. Hala izan dadila beste 50 urtez!

Futbol zelai berria ezagutzera emateko bideoa egin du Udalak. Ikusi hemen.