Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí
El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus
Turismoaren goranzko joeraz jabetuta, egoerari aurre hartu nahi izan dio Oiartzungo Udalak. Horrela, urtarrileko udalbatzan turismora zuzendutako establezimenduak arautu eta mugatuko dituen Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) aldatzeko konpromisoa hartu zuen. Aldaketa gauzatu bitartean, erabilera turistikoko logela eta etxebizitza berriak erregistratzeko adostasun-txostenak kautelaz etetea ere onartu zuen udalbatzak.
Gaur gaurkoz, Oiartzunen erabilera turistikoko 6 etxebizitza daude eta beste 4 etxebizitzek turistei logelak alokatzeko baimena dute. Horrez gain, seina hotel, landetxe eta nekazalturismo ere badaude herrian. Guztira turismora bideratutako 262 logela eta 869 plaza daude herrian. Oarsoaldea Garapen Agentziaren datuen arabera, geroz eta turista gehiago hurbiltzen da eskualdera eta, 2023tik 2024ra, erabilera turistikoko etxebizitzen kopurua 28tik 43ra pasa da Oarsoaldean.
Joera hori aintzat hartuta beharrezko ikusi da establezimendu turistikoak berandu baino lehen mugatzea, nahiz, gaur gaurkoz, turismora bideratzen diren etxebizitza gutxi egon herrian. Oiartzungo HAPOa 2015ekoa da eta, une horretan etxebizitza turistikoak arautzen zituen legerik ez zegoenez, HAPOak ez du figura hori jasotzen.
Etxebizitza eskubidea bermatzeko neurria
Joana Mendiburu alkateak azaldu zuen azterketa honi ekiteko arrazoia. “Ukaezina da turismora zuzendutako apartamentu eta etxebizitzek eragin zuzena dutela etxebizitza eskubidearen gauzatze errealean, besteak beste, Euskal Herriko hainbat herritan ikusi dugun bezala, etxebizitza-erabilera egonkorrerako bideratutako higiezinen eskaintza edo stock-a murriztu dutelako (etxebizitzaren prezioa neurrigabe handituz), eta epe luzerako alokairuak merkatutik ia ateratzera eraman dituelako”. Udalarentzat, herritarren etxebizitza eskubidea bermatzea “ezinbestekoa” dela nabarmendu zuen eta bide horretan eskura dituzten tresna guztiak erabiltzeko konpromisoa azaldu zuen. HAPOaren berridazketa egin bitartean, turismo-ostatuak baimentzeko lizentzia eskaera berriak bertan behera utziko dituztela iragarri zuen.
Herrian turismora zuzendutako apartamentu eta etxebizitza eskaintza aztertu eta bilakaera ordenatzeko egingo du Udalak azterketa. Plan Orokorraren aldaketak honako aspektuei eragingo dio: erabileren sailkapena, definizioa eta edukia, erabilera bakoitza gauzatzeko baldintza orokorrak eta, eremu bakoitzari dagokion arautegi xehetua.
Estrategia zabalago baten parte
10.300 biztanle ditu Oiartzunek. Guztira 3.900 familia bizi dira herriko zortzi auzoetan, eta udala jakitun da oiartzuar askok zailtasunak dituela etxebizitza eskuratzeko, dela eskaintza gutxi dagoelako, prezioak garestiak direlako edota dirusarrera nahikoa ez dutelako. Egoeraren aurrean hainbat egitasmo martxan ditu Udalak; tartean, etxe hutsen zergetan gainkarguak, hauek alokairu duinera bideratzeko programa eta pizgarriak edota babes ofizialeko eta tasatutako etxe kopuru handia izango duten promozio berriak. Horrez gain, udaleko etxebizitza parkearen azterketa sakona ere abian du eta epe ertainera neurri gehiago hartzeko moduan izango da.
Parte-hartze prozesua egingo dute
HAPOaren aldaketa hau gauzatzeko parte-hartze prozesu bat martxan jarriko dutela iragarri zuen alkateak. Herri mailako hausnarketa egin nahi dute, “aldaketa proposamenak elkarrekin landu eta sektore eta iritzi guztiak aintzat hartzeko”. 2025ean zehar egingo dute lanketa hau, eta aldiro joango dira saioak noiz izango diren jakinarazten.
EH Bilduko hautetsien aldeko botoarekin onartu zuten HAPOaren aldaketa abiatzeko proiektua. EAJkoak abstenitu egin ziren eta “erregulazio orekatu bat” eskatu zuen Janire Mitxelena bozeramaileak. “Nahiz kontrolik gabeko turismoak azaroak sor ditzakeen, ondo kudeatutako turismoa gure udalerriaren garapenerako aukera ere izan daiteke. Beharrezkoa da etxebizitza eskuratzeko aukera bermatzea, gure herritarren bizi-kalitatea babestea eta garapen turistikoa jasangarria izango dela ziurtatzea”. Haien kezka nagusia, lizentziak “ostatu turistikoen tipologiak bereizi gabe etetea” dela adierazi zuen. “Ez du zentzurik hotelei murrizketak ezartzea, ez baitute etxebizitza kopuruan eta prezioan eraginik”. Zonen araberako erregulazioa eta “izapide formal hutsa izango ez den partaidetza-prozesu bat” eskatu zuen.
Alkatearen hitzetan, azken urtean “ez da aparteko mugimendurik izan” erabilera turistikoko eraikin berriak sortzeko eta, beraz, “urtebeteko etenaldiak presiorik gabe lan egiteko aukera emango digu, inori kalterik eragin gabe”. Lanketa egiteko parte-hartze prozesu irekia, zabala eta guztiz gardena egingo dela azpimarratu zuen.
2025 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika