Etorkizuneko garraio publikoaz arituko dira ostegun eta ostiralean Oiartzunen

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Garraio jasangarriagoa sustatzeko bi eguneko “Gipuzkoa Nodal” jardunaldia antolatu du Udalak, EHU eta RAZekin elkarlanean. Oiartzungo udalerria abiapuntu hartuta, Gipuzkoako eta Baiona-Donostia hiriguneen arteko garraio publiko sarearen loturak antolatzeko proposamen berriak egitea da jardunaldi horien helburua. Alegia, diseinatzen hastea nolako konexioak beharko genituzkeen garraio publiko desberdinen artean, herritarrek egunerokoan beraien joan-etorriak kotxez baino erosoago egin ditzaten garraio publikoa erabiliz.

Iaz onartu zuen Udalak Oiartzungo lehen mugikortasun plana. Ibilgailu partikularren erabilera gutxitu eta garraio publikoa gehiago erabiltzeko hainbat ekintza jaso zituen bertan. Herri barrura begirako lan-lerroez gain, Oiartzun eta inguruko herri eta hiriburuen arteko garraio publikoa indartzeko helburua ere badu. Bide horretan, Arragua biziberritzeko auzotarrekin egindako parte-hartze saioetan ere ekarpen oso interesgarriak jaso ziren. Besteak beste, auzoa zeharkatzen duten gaur egungo trafiko arazoak beste begirada batekin ikusteko abiapuntua izan ziren, Arraguak garraio publiko ezberdinak lotzeko aukera ezin hobea eskaintzen baitu.

Ostegunean, herritarrei zuzendutako partaidetza saioa

Mugikortasun jasangarriago bat sustatzeko ezinbestekoa izango da herritarren parte hartzea, baita erakunde desberdinen arteko elkarlan estua ere. Horregatik jardunaldi hauetan bereziki zaindu da, alde batetik, herritarrek parte hartzeko saio propio bat egitea, eta, betetik, adituak eta erakunde desberdinetako arduradunak elkartuko dituen saio teknikoago bat egitea.

Herritarrei zuzendutako partaidetza saioa ostegun arratsaldean egingo dute, pleno aretoan, 18:00etatik 20:15era. Bertaratzen direnek, tailer parte hartzaile batean etorkizuneko Oiartzungo mugikortasuna nola garatu landuko dute. Oiartzuar denak gonbidatu dituzte osteguneko jardunaldira, herri arteko garraio publiko sare berria elkarrekin irudikatzeko.

Ostiral goizean, berriz, saio tekniko-politikoa egingo dute, Landetxen. Bertan bi hitzaldi eta mahai ingurua izango dira eta Baiona-Donostia hirien arteko etorkizuneko mugikortasun loturak izango dira aztergai. Plano horretan landuko da etorkizunean nola garatu daitezkeen Arraguak eskaintzen dituen garraio publiko desberdinen arteko konexio eraginkorrak.

Egitarau osoa

Otsailak 20, osteguna (Oiartzungo Udal Areto Nagusian). Parte-hartze tailerra: Nola irudikatzen duzu Oiartzungo mugikortasuna?

  • 18:00-18:15 Saioaren aurkezpena. Izaskun Aseginolaza, Ander Gortazar, Ibon Mitxelena eta Rosa Álvarez López
  • 18:15-18:30 Enpatizatu. Esleitutako profila ezagutu eta taldean aurkeztu.
  • 18:30-19:00 Definitu. Profilen arteko mugikortasun gatazkak identifikatu.
  • 19:00-19:45 Diseinatu. Gatazkak konpontzeko mugikortasun-soluzioak diseinatu.
  • 19:45-20:15 Prototipatu. Proposatutako bateratzea eta baloratzea.

Otsailak 21, ostirala (Landetxe Kultur Aretoan). Hausnarketa jardunaldia.

  • 9:00-9:15 Jardunaldiaren aurkezpena. Joana Mendiburu (Oiartzungo Udala), Izaskun Aseginolaza (UPV/EHU), Ander Gortazar (RAZ)
  • 9:15-10:15 The Power of a Connected Network. Michelle Poyourow (Jarrett Walker + Associates)
  • 10:15-11:30 Nodoak Donostia-Baiona Eurohirian: hurbilketa geografikoa. Jacek Markusiewicz (RAZ. Tresna digitalak eta hiri berrikuntza)
  • 11:30-13:00 Mahai-ingurua: Mugikortasun multimodala lurralde polizentriko baterako.
  • Moderatzailea: Carles Llop (Hirigintza Katedraduna, Departament d’Urbanisme, Territori i Paisatge, UPC. Grup de Recerca Urbanisme taldeko koordinatzailea)
  • Partehartzaileak: Artitz Videgain (Euskal Hirigune Elkargoko Mugikortasun saileko sistema eta tresna digitalen zerbitzuburua), Eluska Renedo (Gipuzkoako Garraio Agintaritzako zuzendaria), Madalen González Bereziartua (Arkitekto Doktorea eta UPCko Grup de Recerca Urbanisme taldeko kidea), Zuriñe Varela (City Science Lab Gipuzkoa-ko zuzendari teknikoa)
  • 13:00-13:30 Nodoak Donostia-Baiona Eurohirian: hurbilketa morfo-tipologikoa. Asier Madarieta (CAVIAR ikerketa taldea, UPV/EHU).
  • 13:30-13:45 Jardunaldiaren itxiera. Joana Mendiburu, Izaskun Aseginolaza, Ander Gortazar

Gehigarriak

Etorkizuneko garraio publikoaz arituko dira ostegun eta ostiralean Oiartzunen