Energia bulegoak harrera bikaina izan du Oiartzunen

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Oarsoaldeko Energia Bulego ibiltaria abian jarri zuten iaz Oarsoaldeko Garapen Agentziak eta Oiartzungo Udalak, Errenterian eta Pasaian bulegoa edukitzeaz gain, Oiartzungo herritarrei zerbitzu gertukoagoa eta erosoagoa eskaintzeko. Argitturri energia kooperatibaren eskaerari erantzunaz jarri zuten martxan. Ordutik, astelehenero Mendiburu kaleko udal bulegoetan egoten da energian aditua den teknikari bat, oiartzuarrek elektrizitatearen eta gasaren inguruan dituzten zalantza denak argitzeko.

Oiartzuarrek energia kontsumo jasangarriago baten aldeko interesa eta konpromisoa erakutsi dute, eta bide horretan, Oarsaldeko Energia Bulegora herritarren beharrei erantzuteko tresna baliagarri bihurtu da. Oiartzuarrak bulegora lehen unetik gerturatu dira eta hitzordu kopurua nabarmen igo da. 93 herritar eta elkartek eskatu zuten zita 2024an, aurreko urteetan baino hiru bider gehiago (2023an 27 kontsulta izan ziren).

Erabiltzaileen artean emakumeak izan dira nagusi (59%). Kontsulten %96 partikularren egin dituzte, %2 enpresek eta beste %2 elkarteek.

Energia faktura murrizteko bidea

Jasotako kontsulten gaiari dagokionez, %68 energia fakturen azterketa eta optimizazioarekin eta tarifen inguruko aholkularitzarekin lotutakoak izan dira, eta %21 energia berriztagarriei buruzkoak.

Bulegoa tresna baliagarria izan da elektrizitate eta gasaren fakturak murrizteko. Lortutako aurrezpen ekonomikoaren estimazioak egin dituzte eta argindarraren kasuan, hileko 22,53 € aurrezten lagundu zaio artatutako oiartzuarrei. Gasaren kasuan, urtean 540 € gutxiago ordaintzen lagundu da.

Astelehenero, Mendiburu kalean

Bulegoak irekita jarraitzen duela gogorarazi dute Udalak eta Oarsoaldeko Garapen Agentziak. Astelehenero ematen du zerbitzua, 9:00etatik 14:00etara eta 14:30etik 16:00etara, Mendiburu kaleko 3. zenbakian.

Doakoa da eta aurrez hartu behar da hitzordua, astelehenetik ostiralera 943 344 160 telefonora deituta edo energia@oarsoaldea.eus helbide elektronikora idatzita.

Gehigarriak

Energia bulegoak harrera bikaina izan du Oiartzunen