'Egin nirekin ere euskaraz!' kanpainari ekin dio UEMAk

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Euskarak kolore asko dituela eta herritar horiek guztiak euskaldunak direla nabarmendu nahi du kanpainak, azalaren kolorea edota bizilagunen jatorria askotarikoa izan arren.

Lehen aldiz 2023ko azaroan ekin zion UEMAk Egin nirekin ere euskaraz! kanpainari, euskaldun arrazializatuen inguruko aurreiritziak gainditzeko asmoarekin.

Bateko eta besteko haurrak eta nerabeak izan ziren kanpaina haren irudia, eta ekimenak oihartzun ederra izan zuen sareetaen zein hedabideetan. Orduan, beste herrialdeetatik etorri eta ostalaritzan eta merkataritzan lanean ari diren euskaldunak ikusarazteko beharra ere nabarmendu zioten hainbat udalek UEMAri, eta horiek izango dira kanpainaren bigarren aldi honetako protagonistak.

Zehazki, Azkoitia, Mutriku, Ibarra, Tolosa, Arbizu, Etxarri Aranatz, Larrabetzu, Lezo, Lekeitio eta Zaldibiako ostalariak eta merkatariak dira kanpainan agertuko direnak: Michele Abrego, Valeria Medina, Hector Daniel Hernandez, Jennifer Cardenas, Rizwan Ali, Keyla Vias, Guina Lodiagne, Narcisa Farcas, Amin Boumediene, Maurizio Faedda, Marcos Rocha eta Ansou Senghor.

Kanpainaren nondik norakoak azalduz, udalerri euskaldunetarako kartelak eta diptikoak prestatu ditu UEMAk, eta gaurtik aurrera izango dira ikusgai batean eta bestean. Era berean, sare sozialetarako edukia eta bideoak ere gaurtik aurrera zabalduko dituzte, UEMAk eta hainbat udalek. Bideo orokorra lehenik, eta kanpainan parte hartzen duten tabernari eta ostalarien banakako bideoak ondoren, egunez egun.
 

Abiapuntua: kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan

Kanpaina honen abiapuntuan Kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan egitasmoa dago. Kulturartekotasuna lantzeko egitasmoa Zaldibian abiarazi zuen UEMAk lehenik, HUHEZIrekin eta Zaldibiako hainbat eragilerekin batera, eta azken urteotan 29 herritara zabaldu dute UEMAk, udalek eta hainbat eragilek. Herri horietako zenbaitek kezka adierazi dute, lanketa handia egin arren aurreiritziek indar handia dutelako oraindik, eta beste herrialdeetatik etorritakoei askotan erdaraz egiten dietelako herritarrek, euskaraz jakin arren. Horren aurrean, euskarak kolore asko dituela, eta azalaren kolorea askotarikoa izan arren herritar horiek ere euskaldunak direla nabarmendu nahi du kanpainak.
 

Erdaraz hasten zaizkie herritar asko, kanpokoak direla adieraziz zeharka

Euskaldunak dira Amin, Ansou, Narcisa, Rizwan, Keyla, Marcos, Maurizio, Guina, Jennifer, Daniel, Michele eta Valeria. Aljerian, Senegalen, Errumanian, Pakistanen, Brasilen, Bolivian, Sardinian, Uruguain, Mexikon eta Nikaraguan jaio dira. Arabiera, wolofera, errumaniera, urdua, portugesa, sardiniera edo gaztelera jaso dute etxean. Euskara, beraz, ez da beraien lehen hizkuntza, baina euskara ikasi dute, eta euskaraz aritzen dira bezeroekin.

Askotan, ordea, azalaren koloreagatik, aurreiritziengatik edota auskalo zergatik erdaraz hitz egiten diete gainerako herritarrek. Badakite, ordea, euskara dela zubirik ederrena, eta euskara ukatzen dieten bakoitzean zubia ere ukatzen dietela sentitzen dute. Kanpokoak direla esaten zaiela zeharka. Horregatik, beraiei ere euskaraz egitea nahi dute. Gustatzen zaielako, eta euskaldunak sentitzen direlako.

Gehigarriak

'Egin nirekin ere euskaraz!' kanpainari ekin dio UEMAk