Ingurumenaz gozatu eta zaintzearen garrantziaz jabetzeko bi plan proposamen

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Gure mendi, baso eta errekak zaintzeko hainbat ekimen egingo dira datozen asteetarako. Zuhaitz Eguna antolatu du igande honetarako Udalak. Pilotasoron bertako haritzak landatuko dituzte. Autobusak beteta daude dagoeneko, baina oinez joateko aukera izango dute nahi duten oiartzuarrek. 10:30ean elkartuko dira denak Pilotasoron, landaketa lanei ekiteko. Amaitzean hamaiketakoa ere izango dela iragarri du Udalak.

Datorren asterako ere ingurumenaz gozatzeko hitzordua prestatu du Oiartzungo Ingurumen Taldeak. Berriki sortu dute taldea, elkarlana, sentsibilizazioa eta zaintza sustatzeko. Partaideak ez dira berriak; izan ere, oraintsu arte, Bazterrak txukuntzen eta Ekotalde modura jardun izan dute, eta hainbat ekintza aurrera atera dituzte. Orain, ingurumenaren zaintzan aritzeko asmoz, bi taldeak batu eta Oiartzungo Ingurumen Taldea osatzea erabaki dute, Udalarekin, herriko eragileekin zein herritarrekin elkarlanean aritzeko.

Hamaika ekintza natura ezagutu eta maitatzeko urtean zehar

Hainbat ekintza-lerro aurreikusi dituzte helburu hau gauzatu dadin. Batetik, kontserbazio eremuak babesten hastea aldarrikatzen dute, eta honekin batera, kaltetutako puntuen identifikazioa zein zaintza bultzatzea. Bestetik, sentsibilizazio eta heziketaren bidez, ohitura jasangarriak sustatzea eta ingurumenarekin dugun harremana indartzea. Eta azkenik, komunitate sarea ehuntzea: hausnarketa kolektiboa bultzatuz eta konponbideen inguruko lanketa burutuz.

Ingurumen zaintza ardatz duen ibilbide honetan, mota desberdineko jarduerak antolatuko dituztela iragarri dute. Hondakinen bilketa sustatzeko aldarrikapenak ez dira faltako, eta, bide batez,  ingurumen balioak ezagutzera eman nahian, hainbat saio burutuko dira urtean zehar.

Natura Aztertuz Familian, martxoaren 23an

Datorren asterako antolatu du talde berriak lehen ekintza, Udalarekin elkarlanean. Herrian natur irla osatzen duen Txarako basoan egingo dute Natura Aztertuz Familian jarduera. Urtaro bakoitzean errepikatuko dute, naturaren aldaketak behatzeaz gain, herritarrek zientziaren bidezko jakintza jasotzeko.

Martxoaren 23an izango da, igandea, goizeko 11:00etatik aurrera, honako helburuarekin: basoa hurbiletik behatzea, gozatzea eta naturarekiko lotura afektiboak indartzea. Ekimenean parte hartzeko formulario honetan eman behar da izena: https://forms.gle/uesAzjNV4UJ1egNcA

Elkarlana sustatu nahian, herriko norbanako eta eragile ezberdinei ere dei egiten diete ingurumenaren zaintzan parte har dezaten. “Ingurumenaren gaia hain transbertsala izanik, ongi etorriak izango dira ekarpen eta lanbide desberdin guztiak”.

Argazkian, Oiartzungo Ingurumen Taldeko kideak eta Udal ordezkariak.

Gehigarriak

Ingurumenaz gozatu eta zaintzearen garrantziaz jabetzeko bi plan proposamen