Elizaldeko auzogune berria diseinatzeko partaidetza saioa egingo dute

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

200 etxebizitza, plaza zabal bat eta ekipamendu publikoak izango ditu espazioak.

Urmendi haur eskola, Mendibil eta Tolarieta arteko eremuan Elizaldeko auzogune berria garatuko du Udalak datozen urteetan. 2015ean onartutako Hiri Antolamendutako Plan orokorrean 200 etxebizitza berri inguru egingo direla aurreikusita dago, babestuak gehienak (alokairu sozialekoak eta tasatuak). Herriko auzo nagusia zabaldu eta familia berrientzat bizitokia izateaz gain, oiartzuar denen erabilerarako ekipamendu eta espazioak ere izango dira, baita elkarbizitzarako plaza eta berdegune zabalak ere.

Eremuak duen tamaina eta kokapenagatik hirigintza “modu ezberdinean egiteko toki estrategikoa” eskaintzen duela adierazi du Joana Mendiburu alkateak. “Toki ezin hobea da etxe bila dabiltzan oiartzuarrei etxebizitza eskaintzeaz gain, jasangarritasuna modu zabalenean zainduko duen hirigintza egiteko: elkartzeko gunea izango dena, mugikortasun aktiboa bermatuko duena, kaleko bizitza sustatuko duena eta genero-ikuspegia txertatuko duena”.

Proiektua aurkeztu eta ekarpenak jasotzeko bi saio

Herritarrekin batera diseinatu nahi dute auzogune berria. “Behar ezberdinak  herritarrekin definitu nahi ditugu, eta eremuak duen kokapenagatik bereziki ongi landu nahi dugu plaza eta espazioei zer bizitza emango diegun”.

Bi saio ireki antolatu dituzte horretarako. Martxoaren 31n egingo dute lehenengoa, proiektua azaltzeko. Bigarrena apirilaren 7an izango da eta dinamika ezberdinen bitartez herritarren proposamenak jasoko dituzte. Landetxe kultur aretoan izango dira,18:00etan. Bilerak euskaraz egingo dira eta gaztelaniara itzulpen zerbitzua egongo da. Haurrak zaintzeko zerbitzua ere eskainiko da guraso gazteak bertaratzeko aukera izan dezaten.

Gehigarriak

Elizaldeko auzogune berria diseinatzeko partaidetza saioa egingo dute