Juan Mari Beltranek Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria jaso du

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria Juan Mari Beltran Argiñena musikari, musikologo, konpositore, etnografo eta irakasleari emateko ekitaldia izan zen atzo Landetxe Kultur Aretoan. Bertan elkartu ziren euskal musikaren eta folklorearen esparru anitzetatik jendea, bere ibilbide luzean ondoan izan dituen lagunak eta erakunde ezberdinetako ordezkariak.

Joana Mendiburu alkateak eman zien ongietorria, eta Juan Mari Beltrani eskerrak eman zizkion azken hogeita hamar urteetan Soinuenea Fundazioak egindako lanagatik eta musikarekiko duen pasioa herrian zabaltzeagatik. “Pasioak gidatzen du Juan Mari Beltran. Pasioak bizi du eta pasioa zabaltzen du bere inguruan. 30 urte pasa dira, Juan Mari Beltran herri musikaren dokumentazio zentroa sortzeko ateak jotzen hasi zela. Besteren artean, bere proiektua aurkeztuz Oiartzungo udaleko ateak jo zituen eta orduko alkate zen Jon Iñarrak Ergoingo eskola zaharreko ateak ireki zizkion. Harrez gero, etengabea izan da bi erakundeen arteko elkarlana. Egin duen lanari esker, herri musikaren arloan interesa duen ororentzat Euskal Herriko erreferentziazko gunea da Soinuenea. Urtez urte aberasten joan den altxorra da Juan Mari Beltranek Oiartzuni eskaini diona. Mila esker urte guzti hauetan egindako lanagatik, Oiartzuni eman diozun guztiagatik eta mila esker, batez ere, zure pasioa herrian zabaltzeagatik.”

Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkizak Manuel Lekuona Etxabeguren oiartzuarra ekarri zuen gogora hasieran. Berak eman baitzion izena sariari, eta 1983an jaso zuen lehena. Honela definitu zuen Urkizak Juan Mari Beltran: “Gure iraganaren onena hartzen duen artista, eguneratzeko eta belaunaldi berriei transmititzeko. Azken finean, posible egiten duenak katea ez dadila eten”. Bere ibilbideari errepasoa eginez, Ana Urkizak bere lan polifazetikoa nabarmendu zuen eta “musika tradizionala eta garaikidearen artean, eta euskal folklorearen eta bestelako generoen arteko bitartekari” gisa hartu duen zeregina ere azpimarratu zuen.

Remigio Mendibururen eskultura jaso ondoren, Juan Mari Beltranek eskerrak eman zizkien bere ibilbide musikalean lagundu dioten pertsona guztiei. Etxarri Aranatzen hasi zeneko garaiak ekarri zituen gogora, artean haurra zela klarinetea eta txistua jotzen hasi zenekoak. Eta urte batzuk geroago, Donostian, Argia taldeko kide zela, kultura herrikoiaren balioa eta oraindik bizirik dauden lekuetan musika eta dantzak biltzearen garrantzia ezagutu zituen.

1985etik aurrera, Hernaniko Udal Musika Eskolak bertako herri-instrumentuen irakaskuntza arautua sartu zuenetik, Juan Mari Beltranek interprete ugari trebatu zituen bertan, berak alboka, txalaparta eta dultzaina ikasteko sortutako metodoak aplikatuz. Soinuenea-Oiartzungo Herri Musikaren Txokoa martxan jarri zela hogeita hamar urte bete direla ere gogoratu zuen. “Musikari asko eman diodala esaten dute, hala izango balitz ere, zalantzarik gabe esan dezaket askoz gehiago eman didala musikak niri”. Hori dela eta, “Orhiko xoria bezala, zoriontsu sentitzen naiz bizitzea egokitu zaidan bizitzarekin, familiarekin, lagunekin, lurrarekin, gizartearekin, hizkuntzarekin eta kulturarekin”.

Azkenik, Gipuzkoako Diputatu Nagusi Eider Mendozak hartu zuen hitza. Azpimarratu zuenez, musikaren funtzioa  “ordezkaezina” da herri baten, komunitate baten bizitzan, dela ospakizunetan,  gizarte bizitzan, sorkuntzan nahiz hizkuntzaren transmisioan. “Juan Mari Beltranen lanek eta jardun nekaezinak erakusten digute herri musikak batu egiten gaituela herri gisa eta, gainera, Europako eta munduko gainontzeko kulturen arteko elkar aitortza eta ezagutza eragiteko zubia eskaintzen digula”. Horregatik, “herriari emandako guztiagatik” jasotako aitortzarekin bat egin zuen Mendozak eta bihotzez zoriondu zuen sariduna.

Gehigarriak

Juan Mari Beltranek Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria jaso du