Bitartekaritza

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Bitartekaritza zerbitzu berria jarri du martxan Oiartzungo Udalak, herritarren artean egon daitezkeen tirabiretan zubi lana egin eta adostasunetara iristen laguntzeko. Gatazkak korapilatu aurretik soluzio bideak topatzen saiatzeko zerbitzua da, elkarbizitza eta ongizatea hobetzeko.

Sarri gertatu ohi dira herrikideen edo bizilagunen artean liskarrak; orduz kanpo ateratzen den soinuagatik, lursailen arteko mugengatik, aparkatzeko tokia ez errespetatzeagatik… Egunerokotasunean sortzen diren bizikidetza arazo horiek ezinegon handia sortzen dute zenbaitetan eta konponbideak lortzen lagundu nahi du Udalak, bi aldeak irabazten aterako diren akordioa erdiestea erraztuz.

Irabazle-galtzaile dikotomia irauli

Dagoeneko oso judizializatuta dagoen jendartean, arazoek epaitegietan amaitu ez dezaten elkarrizketarako eta adostasunak lortzeko gune bat da bitartekaritza. Izan ere, liskar horiek gaiztotu eta epaitegian bukatzen dutenean elkarbizitzarako aukerak galtzen dira eta, azkenean, epaiketa irabazi ala galdu, arazoak bere horretan jarraitzen du eta korapiloa ez da desegiten. Adostasun batera iritsita, ordea, bi aldeek irabazten dute eta etorkizunean euren arteko harremana askoz hobea izaten da.

Borondatezko zerbitzua

Betidanik saiatu da Udala modu naturalean gertakari horiek bideratzen eta bi aldeen artean adostasunak topatzen. Lanketa hori egituratu eta zerbitzu egonkor bihurtu du orain, herritarrei eskaini ahal izateko. Udaltzaingoak kudeatuko du eta horretarako formakuntza espezifikoa jaso duen Xanet Lizeaga udaltzaina izango da bitartekaria. Urtarrilaren 1ean hasi zen bitartekari lanetan eta dagoeneko bi kasutan adostasunetara iristea erraztu du eta beste hiru bideratzen ari da.

Borondatezko zerbitzua da, eta 688 71 62 40 zenbakira deituta edo bitartekaritza@oiartzun.eus helbidera idatzita eskatu daiteke. Bi aldeek izan behar dute akordioa lortzeko prestutasuna. Horregatik, herritar batek laguntza eskatzen duenean, Lizeaga jartzen da beste aldearekin harremanetan, prozesua azaldu eta abiatzeko prestutasuna duen jakiteko.

Adostasuna du oinarri

Bi alderdiek jarrera positiboa eta gatazka konpontzeko nahia badute, banakako bilerak egiten hasten da Lizeaga, egoera ezagutu eta adostasun puntuak non egon daitezkeen ikusteko. Bitartekaritzak aurrera egin ahala saio bateratuak egiten dira. Bitartekaria inpartziala da eta ez ditu soluzioak proposatzen. Bizilagunak elkar ulertu eta akordioetara iristeko bidea egiten laguntzen du.

Edozein momentutan alderdietako bat eroso ez badago edo ez badu aurrera jarraitu nahi, bertan behera utzi daiteke prozesua.

Zerbitzua doakoa eta guztiz konfidentziala da. Lizeaga izango da arazoa eta prozesuaren berri izango duen udal langile bakarra. Saioak ez dira udaletxean izaten eta herritarrei egokien zaien ordutegian egin daitezke. Astean behin izan ohi dira eta gehienez ere bi hilabetez luzatzen da bitartekaritza prozesua.

Nola eskatu?

Ezaugarriak

  • Borondatezkoa
  • Konfidentziala
  • Doakoa
  • Azkarra
  • Malgua

Baldintzak

  • Eskatutako bitartekaritza onartzea eta borondatez parte hartzea.
  • Konponbide egokiak, justuak eta egingarriak aurkitzeko ahalegina egitea.
  • Errespetuz eta enpatiaz jokatzea.
  • Prozesuarekiko konpromisoa edukitzea. Astean ordubeteko saioak aurreikusten dira.
  • Prozesuak ez badu ez aurrera ez atzera egiten blokeatuta dagoelako, zerbitzua etetea erabaki dezake bitartekariak.
  • Ez da baliagarria aurrez judizializatutako edo familia barruko gatazketarako.

Argazkian, Xanet Lizeaga bitarketaria, Joana Mendiburu alkatea, Xabi Garagarza udaltzainburua eta Olaia Lasa ongizate zinegotzia.

Gehigarriak

Bitartekaritza